Soziedad Alkoholikaren “Polvo en los Ojos” biniloan

Gasteizko Soziedad Alkoholika taldeak lehen aldiz plazaratzen du bere “Polvo en los Ojos” disko esanguratsua binilo euskarrian.  Orain dela 20 urte, 2000 urtean argitaratu zen diskoa, bertan azaltzen dira taldearen ibilbidean esanguratsu bilakatu diren hainbat abesti, kasuan kasu, ‘Polvo en los Ojos’, ‘Buenos Momentos’ edota ‘Pauso Bat’ kantua, euskeraz abesturikoa eta Ion Maia bertsolariaren letra daramana, geroztik taldearen kontzertuetan sarritan jotzen duten abestia bilakatu delarik.

“Polvo en los Ojos” lana esanguratsua izan zen ez bakarrik bertan azaltzen diren abestiengatik, baita taldearen soinuan aldaketa bat eman zelako ere, non alde ilunago batean murgildu ziren aurreko diskoekin konparatuz. Ohikoa zuten abiadura mantsotu egiten dute hemen eta 90. hamarkadan burutzen zen metal berriaren eragina nabarmentzen da. 12 abestiz osaturiko disko honetan badaude punk, hardocore eta metal doinuak, garapen musikal garbi bat azaltzen da eta ahots melodiak zainduagoak bilakatzen dira, beti ere taldearen indarra eta kemena galdu gabe. Abestien letretan ere gizarte gaixotu bateen kritika egiten dute, gaur egun ere pil-pilean dagoen gaia delarik.

 Binilo euskarrian datorren edizio berri hau 180 gramotakoa da, gris kolorean eta diskoarekin diseinu bateratu eta zaindu batekin. Argitalpen honekin taldeak modu berezi batean ospatzen du beraien ibilbidean mugarri izan den diskoaren 20. urteurrena.

Gaur egun Soziedad Alkoholika taldeak milaka jarraitzaile ditu munduko leku ezberdinetan eta Euskal Herriko musika eskenak eman duen talderik esanguratsuenetariko bat da.

 

Gotzon Uribe

2020, Iraila 18