“Bat edo Hiru” Amoranteren berriena

Amorante, Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, errotik ateratzen ditu musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatu ahal izateko. Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da Amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren ispiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oiartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan.

Barrura sartzen den musika jorratzen du Urizarrek. Emozioz betea, tinkotasunez eta entzulea harrapatzen duena. Orain “Bat edo Hiru” disko berria plazaratzen du bi urteko isilunearen ondoren. Bere musikan tradizioa aurkitzen dugu baina baita doinu berriak era, gaur egungo abangoardiako musikara hurbiltzen gaituztenak. Musikari jantzia da eta etorri handikoa da, horren adibide dira bere aurreko lanak eta baita zuzenekoak ere.

Elgoibarko musikariak tronpeta du euskarri bere kantutegian, baina baita sintetizadoreak, kitarrak eta soinu ezberdinek osaturiko sare musikala. Gaur egungo Euskal Herriko musika eszenan daukagun artistarik berezienetarikoa da bera. Soinu ezberdinen bilaketa konstante bat da berea, abestia eremu ezberdinetara eramateko gai dena eta entzulea liluratuta ustekoa era berean.

Irailean plazaratuko den disko berria 7 abestiz osaturik dago eta aurrerapen kantua  “Ama hil zaigu” da.  Mikel Laboak 1974an grabaturiko “Bat-Hiru” diskoan azaltzen den abestia izan du iturburu moduan Urizarrek.  Aitor Etxebarria musikariaren estudioan grabatu du eta testuei dagokiene heriotzaren inguruan mintzo dira.

 

Gotzon Uribe

2020, Iraila 18