Hilotz
Hilotz taldearen bigarren lana
Hirukote gipuzkoarrak thrash, death eta black metal estiloak uztartu ditu eta, aldi berean, bide berriak urratu. Oraingoan konposaketa are ausartago eta luzeagoen alde egin dute eta lan berriak taldearen nortasuna finkatu du. Ekaitz Garmendia (Legen Beltza, Extinction, Sijjin) gitarjole eta ekoizle entzutetsuak egin ditu diskoaren grabaketa, nahasketa eta masterizazio lanak, Black Storm estudioetan (Karrantza).
Zer da askatasuna?. Nork ematen digu, nork kentzen?. Galdera horrekin josi du Hilotz taldeak “Aske”, hamaika abestiz osaturiko diskoa, hamaika begirada, zalantza eta desio, kateak hautsi nahi dituzten norbanakoen begietatik kontaturik. Migratzaileak, emakumeak, animaliak, adikzioa duten pertsonak, gaitasun ezberdinak dituztenak… horiek dira disko honetako protagonistetako batzuk. Hirukote gipuzkoarrak enpatia ariketa bat egin du, aske izan nahi dutenen larruazalean jartzeko ahalegina.
2009Ko amaieran Lasarte-Orian (Gipuzkoa) sortutako thrash metal ilun taldea da Hilotz. 2012an kaleratu zuten beraien lehen maketa “Hil ala Bizi” eta horri esker izen handiko taldeen alboan aritu ziren eskenatoki ezberdinetan, kasu, Angelus Apatrida, Su Ta Gar, Crisix edota Violator, besteak beste. Kideen aldaketek taldearen aurrerapen diskoa atzeratu zuten arren, -laukote moduan hasi ziren eta egun hiru dira- “Giza Antzerkia” beraien lehen lan luzea 2016an kaleratu zen eta pare bat urtez hainbat kontzertu eman zituzten Euskal Herri guztitik. Mikel Yarza (ahotsa eta baxua), Pablo Cabasés (gitarra) eta Etxahun Urkizuk (batería) lagunek osatzen dute taldea.