Partida zaila begibistan Baztan Rugby Taldearentzat
Gizarteak beti estimatu izan ditu baloreak. Balore “onetaz” ari naiz, noski.
Egun, harritasunez eta askotan pazientzia gutxiz bizi dugun salbuespenezko egoera honetan, balore horiek inoiz baino indar gehiago hartzen ari dira.
Umiltasuna, konpromezua eta taldelana dira gehien desiratzen ditugun ezaugarriak gure hurbilekoen eta ez horren hurbilekoen partetik. Tamalez, une zail hauetan askotan ikusten ditugu albokoen (zein norbanakoen) berekoizkeriak nagusi direla, balore hauei gainjarri eta gizarteari irudi desatsegin eta besteekiko guztiz desinteresatua ematen dizkiotenak. Beraz, inoiz baina garrantzitsuagoa da aipaturiko balore “onak” kontserbatu eta bultzatzen saiatzea, ahalegin amankomuna ezaugarri hauei batzerakoan geldiezina bilakatzen baita gizartea.
Hain zuzen, umiltasuna, konpromezua eta taldelana dira Baztango Errugbi Taldearen ezaugarriak, berrogei urtez hegoalde naiz iparraldeko zelaietatik zabalduz joan dena, partidaz partida. Gaurkoan, Covid-19 famatuak ezohiko egoera batetara bultzatu du gizartea, eta nola ez, errugbiaren mundua ere birus madarikatuaren biktima saihestezina suertatu da, hainbat eta hainbat kirolen antzera.
Baztango Errugbi Taldea familia zabal batek osatzen du. Denboraldien joan etorriekin jokalarien belaunaldi berriak etortzen dira, eta behin zahartutakoan, jokatzeari utzi arren klubarekiko lotura eta maitasuna mantentzeari uko egitea ezinezkoa egiten zaie. Aunitz dira ilusioz denboraldi berria hasten duten heldu, gazte eta haurrak; neska zein mutil, trebe zein baldar, jakintsu zein hasiberri.
Horietako aunitz, nafar Pirinioetako bailara honetatik datoz; beste asko erresuma zaharreko hiriburutik, Ultzamako bailaratik, hurbilekoak diren Malerreka zein Bortzirietako eskualde jatorretaik eta beste batzuk, iparraldeko lurralde urrunetatik eta guzti datoz, denak ere helburu bakar batekin: dibertimenduz taldea aurrera ateratzea denboraldian zehar, etorkizunean jokalari berriek ere bizipen zoragarri hauek ezagutzeko aukera izan dezaten.
Tamalez, etorkizun hori arriskuan dago. Birusari aurre egiteko segurtasun neurriek mota guztietako ospakizunak debekatu edo mugatu dituzte, eta honek, bete-betean egin du talka klubaren nahiekin. Urtero, ohitura den bezala, apirila- maiatza tartean kluba osatzen duten gizaseme eta alaba guztiek gaupasa bat antolatzen dute; afaria, kontzertuak, sorpresak eta orokorrean, ehundaka gazte (eta ez horren gazte) biltzen dituen giro oneko gau bat antolatuz. Ospakizuna taldearentzat funtsezko diru-iturria da baina gizartearen segurtasuna lehentasunezkotzat hartuz, bertan behera geratu zen momentuz aurtengo jaia.
Urte amaieran ospakizunetarako aukerarik izanen duten zain dauden biztartean, taldeak ordainketa handi bat egin behar dio aurre hurrengo denboraldia abiarazteko, baina ohiko diru-sarreren laguntzarik gabe.
Zorionez, zuzendari zein jokalariek irtenbidea bilatzeko ahaleginean zozketa bat prestatzea erabaki dute. Eta ez edonolako zozketa bat, ez horixe! Boletu preziatua eskuratzen duen horrek, paregabeko bi sari hauen artean bat
aukeratu beharko du: Husqvarna etxeko goi-mailako motozerra eta desbrozagailua alde batetik, hala bi pertsonentzako Kubarako bidai zoragarri bat bederatzi egunetarako, bestetik. Klubaren web orrialdean sartzea besterik ez duzue informazio guztia eskuratzeko! (www.brtmenditarrak.eus).
Errugbiaren familiak hazten jarrai dezan, eta beste behin, euskal lurraldeetako zelaietan barrena Baztango aharien hotsak entzun ditzagun, taldelanerako deialdia luzatzen dizuegu gure ametsak betetzen eta balore on horiek zabaltzen
jarrai dezaten! Milesker aunitz aldez aurretik!