Lumi

Nola sortzen da taldea. Noiz egiten duzue bat?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Xalbador eskolatik (DBH), hain zuzen. Gero luzaroan egon ginen harremandu gabe, Manu 7 urtez Parisen bizi izan baitzen.  2014an egin genuen berriz topo, kasualitatez, Ziburuko festetan. Musikaz mintzatu ginen, eta interesgarria iruditu zitzaigun elkarrekin musikan jotzen hastea. Gerora sortu genuen Lumi proiektua.

Iparraldean bizi zarete, Euskal Herria gertu sentitzen duzue kontzertuak eskeintzeko orduan edo Frantzian eta Europan aukera gehiago ikusten dituzue zuen musika zabaltzeko?

Mugarik ez diogu ematen musikari; momentuan, Euskal Herrian izan dugu jotzeko aukera gehien, normala den bezala. Lapurdi aldean lehenik, noski, eta orain, gero eta gehiago, beste probintzietan. Kanpoan ere (Frantzian, Katalunian, Japonian...) jotzeko aukera ere izan dugu, eta gogotsu gaude, bai berton eta baita kanpoan jotzeko. Abantaila ezberdinak dituzte biek: hemen jotzean, entzuleek hitzak ulertzen dituzte, eta beraz, proposamen osoa jasotzen dute. Kanpoan, jende askorentzat bitxia izaten  da euskaraz kantatzea, eta musikan, bitxia izatea abantaila bat izan daiteke.

Moi-Moi zigiluarekin plazaratu duzue zuen diskoa. Nola dago iparraldeko musika eszena? Aretoak, talde berriak...

Talde berri eta interesgarri asko sortzen ari da (Orbel, Mairu, Paxkal Irigoyen...), eta zinez pozgarria zaigu. Eremua txikia izanik, aretoak gutxi dira; baina,  Atabal, Usopop eta beste hainbat eragile lan eta lan aritzen dira kontzertu ederrak eta bereziak antolatzen.

Kantuei begira zein da zuen sortzeko prozesua? Zein nolako pisua daukate inprobisatzeko izan dezakezuen joerak?

Kantuak sortzeko errezeta magikorik ez dugu, maleruski!. Talde anitzetan bezala, bietako bat ideia batekin etortzen da (melodia zati bat, lau akorde, esaldi bat...) eta hortik abiatzen gara, hariari tiraka. Hainbat bide bildatzen ditugu, gustukoa dugun bat atzeman arte. Eta behin bidea hautatuta, osagaiak antolatzen ibiltzen gara: soinuen testurak, egitura eta garapena, hitzak... Diskorako, kantu bakoitza egoera jakin batean izoztu dugu, baina kantuen bizia ez da diskoan grabatzearekin bukatzen: zuzeneko bertsioetan askatasun gehiago uzten diegu, doi bat inprobisatzeko.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak? Kantagintza oinarri moduan hartuta zuen kantuak beste eremu batera hurbiltzen dira.

Bi musika-mundu arras ezberdinetatik gatoz. Oinarri-oinarrian, Manuk musika elektronikoko erreferentziak ditu (Aphex Twin...), nahiak kantugintzakoak (Laboa, Brassens...). Kantua eta musika elektronikoa gurutzatzen diren horretan atzeman dugu elkar. Izen handiak emateko, Radiohead eta Björk aipa genitzake, baina gure musikatik urrunago diren talde edo musikari batzuk ere maite ditugu biok: Juana Molina, Philip Glass... Horien eragina ere bada nonbait, oharkabean beharbada, gure musikan.

Berriki Bilbon izan zarete zuzenean, jarraitzen al duzue hegoaldeko musika eszena?

Bai, Hegoaldean ere proiektu interesgarri asko badira (Mice, Amorante, Irazoki, Anari, Mursego...) eta gogotik entzuten ditugu. Bilboko Kafe Antzokian jotzea opari polita izan zen guretzat. Entzuleak biziki presente eta bero sentitu genituen, eta inguru horietan gehiago jotzeko gogoa eman zigun!

Zeintzuk dira zuen epe laburrerako planak?

Negurako, zenbait kontzertu: abenduaren 27an, Urretxu-Zumarragako Kubeats elektronika jaialdian; urtarrilaren 17an, Tabakaleran, Orbel lagunekin; martxoaren 13an, Azpeitian, Arkupehotsak proiektuaren baitan. Eta kantu berriak prestatzen ere hasi nahi dugu!

Gotzon Uribe

2019, Abendua 15
Arloa: Berba Bi