Final parekidea izango da Gipuzkoan

Gipuzkoako lurraldea alderik alde zeharkatu duen errotako harriak alerik ale garandu ditu bertsoak eta zortzi izan dira finalerako sailkatzea lortu duten bertsolariak, historian lehenengoz lau gizonezko eta lau emakume.

Tolosan jokatu zen azken finalaurrekoan entzun ziren zortzi bertsolari finalisten izenak. Saio betea izan zen Tolosakoa, bai ikus entzulez eta baita urduritasunez ere. Finala jokoan Jon Maia beteranoak, berak hasierako agurrean onartu zuen bezala, irabazi zuen eta hemen irakurgai Jon Maiak kartzelako lanean behin eta berriz jotzen ari den telefonoaren gaiari erantzunez abestu zituen hiru bertsoetatik lehena:

Maitasuna izan leike usteltzen ez den likore

maitasunaren lurretan gu izan ginan bi lore

berak jarraitu nahi zuen nik berriz betiko gorde

nik ez nun izan nahi baina sentitu nintzan hain borde

denbora pasa da eta izan naiteke traidore

 baina berriz daukat deika ze bildur ta ze ohore (bis)

 maitasuna eman nahi dit ta ez du eman nahi amore

Arratsaldeko zortzirak jotzeko zirela entzun ziren finalisten izenak. Zuzenean, finalurrekoak irabazita, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia. Puntuazioz, Alaia Martin, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo. 

Finala Donostian Ilunbeko zezen plazan izango da abenduaren 14an. Bertsolariek egin beharreko lana honako hau izango da. Hasierako atalaean Zortzikotearen lana binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso, binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso, bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso, binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.eta bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Buruz burukoa puntu gehien batu duten bi bertsolarien artean izango da eta hemen ere binaka jardun beharko dute, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso eta ondorenbinaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte eta azkenik lartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

FINALISTAK

Agin Laburu Rezola: Birritan izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean eta azken Euskal Herriko txapelketan finalerdietara iritsi zen.

Beñat Gaztelumendi Arandia: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da 2013an eta 2017an. Gipuzkoako txapelduna izan zen 2015ean eta txapeldunorde aurreko bietan, 2007an eta 2011n.

Jon Maia Soria: 1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an Txapelketa Nagusiko finalista izan zen, eta baita Gipuzkoakoan ere 2003, 2007 eta 2015 urteetan.

Alaia Martin Etxebeste: Gipuzkoako txapelketaren finalean hirugarren izan zen 2011an eta bigarren 2015ean. 2013ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetan jardun zen.

Ane Labaka Mayoz: Lehen aldia du finalean. Lasarte-Oriarra, 1992an jaio zena.

Oihana Iguaran Barandiaran: 2011n hartu zuen parte lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 2015ean finalera iritsi zen eta gero 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian aritu zen, finalaurrekoetan

Beñat Lizaso Alberdi: Hiru aldiz parte hartu du Gipukoako txapelketan, 2011ean eta baita 2015ean finalerdietara iritsi zen

Nerea Elustondo Plazaola: Parte hartzen duen hirugarren Txapelketa Nagusia da.

 

 

 

 

 

 

Iñaki Iturriotz

2019, Abendua 03
Arloa: Bertsoleku