Revolta Permanent
“Lobotomiak” deitzen da Revolta Permanent talde bizkatarraren disko berria. Berrikuntza ugarirekin aurkezten da taldea bere lan berrian - ibilbideko 4. lana da honakoa-. Aldaketarik nabarmenena baterijotzailea sartu izana da, aurreko diskoetan soinu sintetikoagoak landuz eta bateria soinurik gabe aritu ondoren oraingoan Guille Peña musikaria gehitu zaie Aitor Abio, Iker Villa, Iker Aginaga eta Mikel Becerra taldekideei. Estiloari dagokionez garapen bat ikusten da, hasierako estiloari nolabait eutsiz sonoridade berriak bilatzen murgildu dira.
Baga-Biga diskoetxearekin plazaraturiko lana 11 abestiz osatzen da eta bertan berritasuan ugari ikusi ditzakegu. Rock iluna, elektronika eta melodiak rap doinuekin uztartzen dituzte.
Kolaboratzaile ezberdinak izan dituzte diskoa eratzeko orduan, kasuan kasu, Maria Redondok idatzi eta abestu du “Garrasia” kantua eta Aritz Mendiola izan da “Adikzio berri bat” kantan aritu dena. Taldekideen artean Aitor Abio Mungiako musikaria aurkitzen dugu, garai batean PILT taldeko partaidea izandakoa eta orain Revolta Permanent taldean aritzeaz gain ekoizlea ere badena. Bere figurari lotuta azaltzen da “3,1416” abestia, zein “Hil da jainkoa” kantu ikonikoaren moldaketa berezi bat den.
17 urte zituztela hasi ziren taldean Iker Villa eta Iker Aginaga, denbora honetan beraien musika egiteko era garatzen joan da. Hasierako ahotsetako rap kutsuko kantuak zabaltzen joan dira egungo ahots melodikoagoetara heldu arte. Garai bateko rock industrialaren eragina ere ikusi daiteke haun kantutegian, beti ere ildo bateratzaile bati jarraituz.
Honen adibide nabarmena da diskotik atera duten “R” kantuaren singela, non bideoklipa ere eratu dute kantu honen inguruan. Karmele Larrinaga eta Aitor Bildosola aktoreak parte hartu dute bertan eta Iker Villa taldekideak zuzendu du.
Datozen hilabeteetan taldea zuzenean arituko da lan berri aurkezten.