Bertso eskolentzako euskarri digitala

Webguneak helduen zein haurren eskoletarako materiala dauka: gaiak, doinuak, errimak… bertso-eskolei saretzeko bidea ere eman nahi zaie atariaren bidez.

Bertso eskolarako baliagarria den material guztia eskura izango dute bertso-eskoletako kideek ikasturte hasieran sareratu den bertsoeskola.eus atariari esker. 

Bat-batean aritzeko plazan jarri diren zazpirehun gai izango ditzute bertso-eskolatako kideek; gai horri loturik bertsolariek kantatutakoa ere ikus-entzun ahal izango da. Eta, hori guztia laguntzeko, plazan erabiltzen diren 400 doinu  aukeran doinutegian klikatuz gero. Bertso munduan hasi berriak direnentzat fitxa errazagoak ere eskuragai egongo dira. Bestalde, zenbait bertso jarri ere eskainiko dira, ikus-entzunezkoan zein transkribatuta; gogoan gelditu diren bertsoaldiak ere berreskuratu dira atariko ganbaran.

Bertso-eskolentzako web orria ez ezik, bertso-eskolek eragindako espazioa ere izan nahi du webguneak. Horregatik, bertso-eskola bakoitzak bere jardunaren berri eman ahal izango du, eta batak bestearena ezagutu.

Ataria gailu mugikor txikietan, sakelekoetan zein tabletetan, baliatzeko diseinatuta dago.

Urtebeteko bidea egin du bertsoikasgela.eus atariak 

Azken ikasturtean bertsoikasgela.eus weborria erabilgarri egon da bertsolaritza ikasgeletan lantzeko. Ikastetxetako bertsolaritza eskoletarako baliabideak eskura jartzen ditu webguneak: bertsoaldien, jolasen eta ariketen baliabideak erabiltzaileen esku jartzen ditu. 

Sekuentzia didaktikoak, gaztetxoei zuzendutako bertso sortak, jolasak, teknikari buruzko azalpenak… biltzen ditu.. Gainera, bertso sortak musikatu egin dira.

Batean eta bestean aritu behar duten irakasleentzako lagungarria da tresna, materiala leku berean eduki ez ezik, ikasgela bakoitzeko haria berrartzeko modua eskaintzen baitu. Gainera, ikasleek etxean ere jarrai dezakete bertsolaritzarekin gozatzen.

Bertan, bertsolaritza ikasleek gelan landutakoa berreskuratzeko aukera  dute eskola orduetatik at. Bat-batekoen eta bertso jarrien sorta ederrak, jolasek eta ariketek osatzen dute eskaintza. 

Mundu bat bertso materiala oinarri

Materialgintzan egin den lanketaren oinarrian dago mundu bat bertso materiala. Hogeitabost mila ikasletik gora aritu da urteetan zehar bertsolaritza lantzen material hau eskuartean izan dutela. Lehen Hezkuntzan zein bigarren hezkuntzan erabiltzen den liburua da. Bertan, ahozkotasunaren bidez, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek. Euskarekiko jarrera positiboa izateko ereduak ikasten dituzte, eta jendaurrean zelan egon. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iñaki Iturriotz

2019, Urria 31
Arloa: Bertsoleku