Orbel

Sorburua Baionan duen taldea da Orbel. 2018an plazaratu zuren “Beyond There” diskoaren jarraipena da honakoa. Landuagoa, zuzenagoa eta euskarazko hitzen erabilera nabarmentzen dira “Hegan” izenburua daraman lanean eta bertan melodia ederrak, ahots bereziak eta pop musika modu pertsonal batean erabiltzeko joera azaltzen dira.

“Ozeano beltzaren eta eguzki distiratsuaren arteko etzalekua. Orbel ortzi-muga hura da. Orbelek kontrastea sortzen du”.  Hitz hauekin aurkezten dute lan berria eta taldearen berezko izaera. Rock iluna, pop melodiak eta abestiak egituratzeko modu berezi bat dira beraien ezaugarririk nagusienak. “Etxe herdoilduak” deitzen dan taldearen lehen aurrerapen singela, non ondo laburbiltzen den taldearen izaera.

Post-rock estiloa, Chicagoko eszena esperimentala eta kantagintza iluna jorratzen duten talde eta artistak, Marisa Nadler, Feist edota Shannon Wright moduko emakumeen izenak agertzen dira beraien erreferentzien artean eta baita abanguardiako hainbat talde, Daughter, Radiohead edo Sigur Ros modukoak. Guzti horien eraginpean beraien abestiak hertzetatik moldatzen dira, batzuetan abiadura hartzen dute eta beste batzuetan mantsotu egiten dira, leundu.

Iparraldean garatzen ari den eszena baten adibide dira Orbel. Usopop jaialdiko lan taldearen inguruan sortutako ekimenetan partaide, hala nola Usopop diskoak zigiluarekin plazaratu duten lan berria.

Bertako eszena interesgarriaren erakusle dira ere Lumi bikotea. Pop musika elektronikarekin uztartzen du Ziburuko bikoteak eta bertako Moï Moï diskoetxearekin plazaratzen dituzte beraien kantuak. Nahia Zubeldiak (ahotsa eta gitarra elektrikoa) eta Manu Matthysek (elektronika) osatzen dute Lumi. Euskaraz lantzen dituzte berain kantuak eta elektronika, pop iluna eta folk ikutuak azaltzen dira berain kantuetan non atmosfera eta giro bereziak lortzen dituzte aipaturiko elementu ezberdinak erabiliz.

Gotzon Uribe

2019, Iraila 30