Podcast bat egiten

«Podcast bat RSS/Atom jario bitartez harpidetzeko aukerarekin mugikor eta ordenagailuetan erreproduzitzeko banatzen den multimedia fitxategia da. Hitzak jatorri ingelesa dauka, iPod eta broadcast terminoen batura da.» Finean, maiztasun zehatz bat baino, notifikazio bidez jaso eta nahi dugunean entzun ditzakegun audio seriak dira.

Gaur egun, mikrofonodun ordenagailu batekin edo sakelako batekin eta doako grabazio-softwarearekin, zure podcast-a grabatzen has zaitezke.

Hauek entzuteko tresna eta atari desberdinak daude, horien artean:

 

Sortzekotan bazabiltza, gaia ondo aukeratu behar duzu. Kontutan hartu podcastak denbora hartzen duela eta horregatik gaia gustukoa izatea garrantzitsua dela. Izena berdin, izanaren parte handi bat da, aukeratzean berezituko zaituen zerbait aukeratu, baina baita zuretzako adierazgarria den zerbait. Hori lotuta, oso gomendagarria da irudi bat egitea.

Podcast-a egiten ari zarenean zure entzuleak identifikatu behar dituzu azkenik; pentsatu zeinentzako ari zaren.

Iraupena irratsaioetan ez bezala askeagoa da. Hala ere, komenigarria da buruan iraupen zehatz batean pentsatzea, gidoitxo bat edo apunte batzuk egin horretarako. Podcast entzuleek saio osoak entzun ohi dituzte, batzuetan osorik hasieratik eta amaierara, baina batzuetan baita gaika ere.

Programa osoa graba daiteke eta gai ezberdinak baditu segmentatuta ere eskaini. 20 minutuko podcast audioak daude, baina baita hiru ordukoak ere. Podcast-ak askatasuna ematen badu ere, komenigarria da jendea erakartzeko maiztasun gutxi gora beherako bat zehaztea. Arrakasta duten podcastek, malgutasun apur batekin bada ere maiztasun bat zehazten dute.

Egitura ezberdinak egon daitezke, baina ohikoena:

  1. Sarrera: atal honetan zu aurkezten zara eta gertaeraren edukia. Monetizaziora bideratutako gauzak ere badaude aprobetxa ditzakezu. Aldez aurretik grabatuta eduki dezakezu, eta zure kapituluei gehitu. Ez luke bizpahiru minutu baino gehiago iraun behar. Programaren edukia ere laburbildu dezakezu atal honetan.

  2. Gorputza: landu beharreko gaien garapena edo pertsonaia ezberdinei eginiko elkarrizketak baleude.

  3. Amaiera: hurrengo atalera arte agurtu eta, nahi izanez gero, ekintzara dei bat sar dezakezu, zure blogera/sare sozialetara/podcast zerbitzuetara harpidetzeko deia. Zure babesletzak ere sar ditzakezu hemen. Zati hau amaieran ere grabatuta eta erantsita egon daiteke atalez atal aldatzen ez bada.

Grabaziorako eta ediziorako tresna asko dago, Audacity da erabilienetako bat, baina badira beste asko ere.

Audio formatuei begiratzen badiogu ere hainbat eratakoak topatuko ditugu.

  • Konprimatu gabeko formatuak: PCM kodeketa WAV edo AIFF fitxategi mota. Bereziki artxibatzeko erabiliak.

  • Galerarik gabeko konpresioa: ZIP baten modukoak, baina audiorako FLAC edo ALAC adibidez. Artxibatzeko ere erabiliak.

  • Galeradun konpresioa: Gizakiok entzun ezin ditugun atalak kenduz sortzen direnak dira, MP3, OGG, M4A(ACC)... Difusiorako erabiliak.

Kasuaren arabera, baina orokorrean MP3 edo OGG izan ohi dira. Bitrate (segundu bakoitzean erabiliko den bit kopurua) gomendatuak hauek dira bakoitzarentzat, hortik gora kalitate hobeagoa izango dute eta behera kaxkarragoa:

  • MP3: 112kbps musikarekin eta 80kbps monoan badago soilik.

  • OGG: 64/80 kbps estero eta 40/48 kbps mono bada.

Grabazio softwarearen bidez grabatuko dugu saioa, gero ondoren editatu ahal izateko. Grabatu ondoren, arrazoi asko daude audioa editatzeko eta beti da gomendagarria ukitu batzuk ematea: hondoko zaratak, garrantzirik gabeko zatiak edo errepikakorrak, mandatu gogaikarriak, auzokidearen zakurraren zaunka, grabatzen ari zarenean deitzen duen postaria, kolpe edo erorketak...

Aipatu dugu ere hardware aldetik ez dela asko behar izaten, baina mikrofonoa eta nahasketa mahaia (hautazkoa) gakoak dira audio kalitatea hobetu nahi badugu.

Mikrofonoen artean USB mikrofonoek azken aldian hobekuntza handiak izan dituzte. Ez dute nahasketa mahairik behar eta gero eta kalitate hobeagoa dute. Horrelakoak dira Blue Snowball edo Blue Yeti mikorofonoak. Aldiz maila profesionalago batean XLR mikrofonoak erabili ohi dira eta hauen konektorea nahasketa mahai batera konektatu ohi da. Horrelakoak dira Behringer XM8500 eta Neewer 800 mikrofonoak adibidez. Nahasketa maila aldetik, asko daude eta era askotakoak. Behringer markakoak hasteko aukera onak eskaintzen dituzte: Behringer 502 usb (sarrera bakarra), Behringer Q802 usb (bi sarrera), Behringer X1222 usb (sei sarrera).

Bada zenbait kasutan garrantzitsuak diren beste zenbait hardware ere; entzungailuak adibidez. Entzungailuak ez dira garrantzizkoenak, eta ez dute azken emaitzan eragin handiegirik, eroso eta besterik gabe sentiarazten zaituzten batzuk aukeratu, ahal dela belarri osoa hartzen dutenak. Soinu batzuek aire mugimendu handia eragiten dute, horiek gutxitzeko mikrofonoaren inguruan belaki bat edo Pop filtro bat ere jar daiteke. Pop filtroa pantaila biribila eta beltza da, soinu horiek sortutako haize mugimendu bortitzak mozten ditu. Soinuarekin esperimentatzen baduzu, mikrofonoarekin hartzen duzun distantziaren arabera asko aldatzen dela ikusiko duzu. Soinu onena emango dizun distantzia, mikrofono bakoitzaren mende dago, baina normalean zure ahotik esku baterako distantzian izaten da. Beso teleskopiko batek distantzia hori eroso mantentzeko aukera ematen dizu.

Podcasta hobetzeko ezinbestekoa izan ohi da musika. Zure podcastean musika erabiltzeko, musika horrek lizentzia libre bat izan behar du, erabilera baimendu bat duen lizentzia izan, egile eskubideengatik ordaindu edo zenbait zerbitzutan lizentzia berezi bat izan dezakete. Adibidez iVoox atariak lizentzia berezi bat du.

Musika librea edo podcastetan erabilgarria aurkitzeko atari asko dago

Efektuak ere gehitu nahi badizkiozu zure podcastari, badira beste zenbait atari ere

Amaitzeko zure podcasta sarera igo beharko duzu. Ostatze propio bat edukitzea beti da aukera ona. Asko dira, diru batengatik ostatzen partekatu bat eskuratzeko tokia. Gainera, hor webgune propio bat eta gure audioak gordetzeko toki nahikoa izango dugu gehienetan. Dreamhost, OVH, Bluehost, Hostinger... Podcasterako RSS propioa, audioak zure kontrolpean izatea eta trafikoa zeureganatzea garrantzitsua da gero beste tokietan ere difusioa egiteko, plataforma zehatz batera lotu behar izan gabe.

Zure ostatze propioan podcastak kudeatzeko EKS Eduki Kudeaketa Sistema hoberena Wordpress izan daiteke. Plugin (funtzio bereziak gehitzen dizkioten gehigarriak) ditu eta erraz egiten dute audioen kudeaketa; adibidez Seriously Simple Podcasting delakoa. Bestela, aukera hona izan daitezke ivoox.com bezalako zerbitzuak. Bat aukeratu beharko duzu, baina hedapenerako ez duzu zertan bakar batean gelditu behar, podcasta hainbat katalogotan ager daiteke.

Podcast bat egitera animatzen bazara, zorionak! Bestela ere, gogoratu podcast asko daudela eta euskarazko batzuk podcastak.eus atarian topatuko ditzakezuela, entzun!

 

Gorka Julio

2019, Ekaina 13
Arloa: Sarean