EHZ jaialdiaren aurtengo programa

Ekainaren 28tik 30era bitarte ospatuko da baxenafarroan kokaturiko Irisarri herrian. Tradizioz beteriko jaialdia dugu EHZ, xarma berezi bat duena, berezko identitatea eta auzolanean erreferentzia bilakatu dena. Iseo & Dodosound, Oihaneko Zuhainetan, Gari & Maldanbera, Broken Brothers Brass Band, Koban eta Montauk taldeek osatzen dute lehenengo konfirmazio txanda eta egunotan aurkeztu dute programa bere osotasunean non aipatutako artistei honako beste hauek gehitzen zaizkie:  Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond, Old School Funky Family, Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi —Altxatu taldeko Ibai Osinagaren proiektu berria—, Diabolo Kiwi, Anari, Liher, Izaki Gardenak, Nizuri Tazuneri eta Cumbiam’bero.

Kanpotik etorritako artistek ere edukiko dute lekua jaialdian, bertan arituko dira besteak beste, Manu Louis konpositore eta abeslari belgikarra, The Very Small Orchestra Bordeleko (Frantzia) taldea, Lu Rois abeslari eta pianista kataluniarra eta Ray Fernandez trobadore kubatarra zeinek Euskal Herrian beste kontzertu batzuk ere eskeiniko dituen.

Led Silhouette dantza konpainiak “Orbita” ikuskizuna estreinatuko du Irisarrin, EHZrentzat propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena. Honez gain eta Toi d’abord zirkua ere jaialdian izango da.

Aurten, arreta berezia ezarri da hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira, eta bost ildoren inguruan osatuko dira eztabaidak: feminismoa, festa eredua, burujabetza autogestioa, G7koak eta migrazioa. Ildo bakoitza hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguruz osatua egongo da. Tailer horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik. Mintegi hauek eratzeko orduan aditu eta eragile ezberdinen ekarpenetatik abiatuta prestatu dira, parte hartzaileek gaur egungo erronkei buruz hausnartzea, iritzi trukatzea eta horietan sakontzea helburu izanik.

Jaialdira joateko sarrerak 55 euroko kostatzen dira eta jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke. www.ehz.eus

Gotzon Uribe

2019, Ekaina 13
Arloa: Berba Bi