MUSUAK EMAN BAI, BAINA ZELAN
Kaixo Agurtzane,
Nire izena Lur da, eta nire lagun Markelekin batera idazten dizut. Gu DBH 1. mailakoak gara. Nahiko lotsa ematen digu idazteak. Jakin nahi dugu ea nola musukatzen den, baina mihiarekin, noski. Guk ez dugu inoiz egin eta ez dugu galdetu nahi; antza denez, jendea badabil kontu horretan, eta galdera hau tontakeria bat dela iruditzen zaigu...
ZURE ERANTZUNAREN ZAIN!! Mila esker.
Kaixo Lur eta Markel,
Mila-mila esker idazteagatik!!! Benetan, aspaldian ez dit idatzi DBHko lehen mailako inork. Uste dut adin horretan ere galdera eta zalantza asko daudela, baina beharbada idaztea ez dela hain erraza. Hemen txokoa denontzat da. Are gehiago, zuek botatako galdera ez da inolaz ere tontakeria bat... Erraza bezain konplexua da musua, musuak ematea...
Musuak emateari buruz, seguru mila istorio entzungo zenituztela. Sarri ahaztu egiten zaizkigu gure txikitako lehen musutxoak: familian, lagunen artean eta laguntxo bereziei emandakoak... Gure gorputzak, ordea, badu memoria, eta musu horiek guztiak gordeta dauzkagu. Beraz, behar dugunean, laguntza hori guztia etorriko zaigu gogora. Txikitan hainbat gauza ikasi genituen: musuek behar duten konfiantza, intimitatea, gertutasuna, gozamena, irria, gustua... denak dira oso garrantzitsuak zure momentua heltzen denerako... Ez ahaztu!
Musu hori irudikatzen dugunean, batzuetan leku paradisiakoak imajinatzen ditugu; pelikuletako egoerak etortzen zaizkigu gogora, asmatutako elkarrizketak, jokaerak... Baliagarria da egoera imajinatzea, edo egoera hori ematea. Guk geure burua horretan irudikatzen dugunean, ikasten ari gara; bisualizatzea edozelako ikasketa-prozesuren zati bat da. Hala ere, auskalo nolakoa izango den une hori. Inportanteena da zu gustura egotea, eta ahalik eta lasaien, jakinda egoerak urduri jartzen gaituela eta, aldi berean, oso kitzikagarria izan litekeela.
Lasai... ez "matxakatu" zeure burua ea noiz izango den galdezka. Lehen musu hori izateko bi pertsona behar dira: zu eta beste bat. Beraz, bion auzia izango da noiz eta nola; honetan ere ez zaude bakarrik! Eta nahiz eta lagun horrentzat lehen musua ez izan, zurekin duen lehena izango da.
Elkartzen zareten momentu horretan, kasu egin elkarren zirrarari; jarri arreta zuen begiraden jolasari. Gorputzen gertutasunak bestelako hurbilketak ekarriko dizkizue; elkarrenganako mugimenduak lagungarriak dira unea zein den jakiteko. Eskuek, laztanek, besarkadek... lagunduko dizute. Gure gorputzen arteko komunikazioa ardatza da, eta sarri, buruak baino hobeto funtzionatzen du. Haren alboan egon nahi baduzu, joan zaitez, edo behintzat ez urrundu... Eskua eman nahi badiozu, atera eskuak poltsikoetatik eta jarri gertu... Musukatu nahi baduzu, gerturatu zure aurpegia... Erraztu bidea zeure buruari.
Nabaritzen baduzu ahoa lehortzen zaizula, lasai; oso ohikoa da urduri gaudenean. Saiatu mihia aho barruan mugitzen txistua eragiteko, eta gero pasatu ezpainen gainetik, hezetasuna eta biguntasuna areagotzeko. Horrek ere lasaituko zaitu.
Bata bestearen ezpainak elkarren kontra daudenean, sentitu poliki nolako gozoa den; zabaldu ahoak astiro eta jolastu poliki zuen mihiekin...
Hor dago musuen funtsa: gozatu, ondo pasa, jolastu... hanka sartu... ikasi... barre egin...
Beste jarduera batzuetan bezala, hau ere ikasi eta irakatsi egiten da. Denok gara denon ikasle eta denon irakasle! Sarri gure lehenengo aldiak ez dira gozagarrienak, ezta onenak ere, baina bai lehenak.
Ondo izan! Ta besarkada handi bana
Hona hemen film pare bat:
FIRST KISS SHORT FILM BY PEYMAN: https://youtu.be/K4KA4Gcwnds
EL PRIMER BESO LESBIAN ERDERAZ: https://youtu.be/5KqGfghEeiI


