UKIMENAREN ZENTZUA
Kaixo Agurtzane,
Lehengoan telebistan ikusi zintudan ukimenaren zentzuaz berbetan. Gauza batzuk galdu nituen eta beste batzuk gura nuke zuk idaztea nire bikotekideari erakusteko. Niri zaila egiten zait gauza batzuk azaltzea, lotsa dudalako edota hitzik aurkitzen ez dudalako... eta konturatu naiz, azkenean, errieta egiten diodala nire bikotekideari, bera ezjakin bat balitz bezala kontu honetan. Niri asko gustatzen zaizkit laztanak, igurtziak eta bera aldamenean izatea... ez soilik txortan egiteko edo masturbatzeko ("pajak egiteko"), hori ere asko gustatu arren. Baina azken boladan hori ere gero eta gutxiago gustatzen zait. Ez dakit azaldu naizen.
Portu Zaharreko lagun bat.
Kaixo laguna,
Eskerrik asko! Telebistan askotan ezin da azaldu gura dugun guztia; beraz, honelako tarteak ondo etortzen zaizkit neuri ere.
Zein zaila izaten den lagunari helaraztea benetan sentitzen duguna! Gure buruari ere nahiko presio ipintzen diogu dena egun batean ondo azaltzeko behar horrekin. Telesailetan elkarrizketa zentzudunak eta errazak badirudite ere, gure errealitatea bestelakoa da. Komunikazioa denboraren poderioz eraikitzen dugu bion artean, krisiak eta momentu zoragarriak zeharkatuz. Ez da harritzekoa zure inpotentzia, eta seguruenik zure lagunarena ere bai. Inpotentzia eta frustrazioa sentitzen dugunean amorrua ere ateratzen da, eta horrek sarriegi bultzatzen gaitu isiltasunera, lagunari kasu ez egitera edota lagunari gure amorruaren zergatia leporatzera. Bizitza! Arnasa hartu, eta norberaren jakintasun eza izango da abiapuntua.
Zure galderari eutsiz, eta azaltzeko zertarako gura dugun batak bestearen ukimenaren beharra —eta baita desioa ere—, hona hemen pintzelada erraz batzuk:
Jaiotzen garen heriotik, ukimena erabakigarria da. Alde batetik, alerta-sistema pizteko eta gu babesteko; bestetik, gure loturak sendotzeko eta bizitza-kalitatea hobetzeko. Bizitzeko, finean. Hainbat ikerketak ohartarazi gaituzte ukimenaren garrantziaz. Ukimena da lehenengo zentzua; jaioberrien lehen egunetan, ukimenarekin garatzen da gure usaimen-oroimena. Ukimena garatzen ez denean, gure alor psikologikoa eta fisikoa ere ahuldu egiten dira. Umeak edota nagusiak dira horren isla: sasoi bi horietan ukimen falta dagoenean, oso erraz antzematen da gure gainbehera.
Azalaren azpian hainbat hartzaile daude kanpotik (beroa, hotza, presioa, plazera, testura) datorren informazioa biltzeko. Behin bilduta, informazioa nerbio-bulkadaren bitartez bizkarrezur-muinera bidaltzen dute, eta handik burmuinera. Hantxe sortuko da erreakzioa. Baina ezin dugu ahaztu gure aurreko esperientziek (zer bizi izan dugun) eta espektatibek (zer uste dugun pasatuko dela, edo zer pasatu beharko litzatekeen) eragina izango dutela erreakzio horretan.
Adibidez, zure kasuan: laztanak eta igurtziak berez oso gozagarriak dira, eta horren ondorioz oso gustura egon beharko zenuke. Baina beti txortan egitera eramaten bazaituzte, azkenean ez duzu horrenbeste gozamenik izango, zure aurreko esperientzien eta momentu horretan daukazun espektatibaren eraginez.
Naturak OXITOZINArekin hornitu gaitu. Burmuinak substantzia kimiko hori isurtzen du kontaktu fisikoarekin batera. Kantitaterik handienak jaiotzean, bularra ematean eta orgasmoak izatean askatzen dira. Substantzia honek gure arteko loturak sendotzen eta garatzen ditu (ama-jaioberria, lagunak, senitartekoak, bikotekideak). Maitasuna, konfiantza, lasaitasuna eta intimitatea garatzen laguntzen du; gustura eta lasai egoteko sentsazioa sortzen du oxitozinak. Gero eta kontaktu gustuko gehiago izan, gero eta gehiago behar izaten dugu, eta gero eta hobeto sentitzen gara. Beraz, kontaktua ezinbestekoa da gu ondo sentitzeko.
Zure kasuan, seguruenik, azken hikamikak direla eta, bata bestearengandik aldenduta sentituko zarete, fisikoki zein emozionalki; eta, aldi berean, elkarrekin egoteko eta ukitzeko beharra izango duzue. Baina gero eta kontaktu gutxiago izan, oxitozina gutxiago isurtzen dugu eta urrunago sentitzen gara. Orduan, ez da harritzekoa sentsazio eta sentimendu horiek tristezia edota haserrea sortzea. Alde batetik, gure oxitozina “txutea” amaitu delako, eta bestetik, ez gaudelako gura dugun moduan maite dugunarekin. Distantziak distantzia dakar.
Elkartzeko abiapuntu komun bat sortu beharra dago. Eta hona hemen ideia bat: hartu edo bota, frogatu eta ahaztu, edo sortu zuek beste bat...
Beste egoera bat irudikatzeko prest? Demagun zuen harremana jaioberria dela... ekarri gogora lehen egun horiek... eta gaur dakizuenarekin, eman iezaiozue ukimenari beste leku bat.
Eskutik heldu; elkar ondoan bazaudete, hitz egin gabe eskua, besoa edo burua utzi lagunaren hankaren gainean, magalean... Eta hor geratu, arnastu momentua... ea zer sentitzen duzuen. Ikusi nola biluztu gabe jolasten duzuen azala aurkitzen; nola ukitzen duzuen elkar modu desberdinetan eta leku desberdinetan. Konturatu exzitazioa eraikitzeko bide aspergarrietatik zabiltzaten; saiatu orgasmoaz ahazten; erakutsi elkarri nondik eta nola ibili... Ikastea da bidea, eta jolasa baliabidea.
Nola berrikasten dugu dakiguna, nahi duguna, behar duguna? Barre eginez... gozatuz... hanka sartuz... Eta gero, hitz eginez.
Besarkada bat


