Aiora Mujika - komunikatzailea eta bideogilea

«Nik nahi dudana egingo dut nik nahi dudanean»

  • Aiora Mujika San Sebastian

  • Anoeta, 1987

  • Kazetaritza eta Multimedia Komunikazioa Masterra

  • Langabezian orain, baina Euskarazko Wikipedia eta hezkuntza lotzen dituen proiektu batean aritu da orain dela gutxi arte eta geldirik inoiz ez.

  • Irakurtzea, telesailak eta pelikulak ikustea, bideoak egitea...

 

Interneteko komunikazioan bada denbora zabiltzala, lehen akaso atzetik lanean, orain akaso aurpegia gehiago ematen. Orain Youtuber izateagatik ezagutzen zaitu jende askok, baina zure aurreko bizitza ere oso interesgarria da, kontaiguzu apur bat zure esperientzia sareari dagokionean.

Komunikazioari lotuta bizi naiz gogoratzen dudanetik. Txikitatik idaztea gustatu izan zait eta bide horri segika kazetaritza ikastea erabaki nuen. Unibertsitateko urteetan zehar izugarri ikasi nuen ikasgela barruan zein, bereziki, kanpoan, ikasle mugimenduaren baitan.

Hor ikasi nuen esateko zerbait baldin baduzu zuk zeuk egitea dela biderik zuzenena. Nire lehenengo argazki kamera digitala lortu nuen eta motxilan sartuta eramaten nuen ia egunero, badaezpada. Eta unibertsitatean egiten genituen ekimenen kronikak bidaltzen genituen orduko Gaztesareara. Unibertsitatea izan zen komunikazio digitaleko nire lehen eskola.

Etapa horren amaiera aldean ezagutu nuen Twitter. Probatxo bat egiteko sortu nuen kontua hasieran... eta erabat harrapatu ninduen. Eta ikasketak guztiz amaitutakoan lanean hasi nintzen. 5-6 urtetan zehar Sortu eta EH Bildu bezalako eragile politikoen sareko komunikazioan aritu naiz. Zuk esan bezala, atzetik egiten den lan bat da; pantaila baten atzetik bizi izan ditut gauza asko urte hauetan zehar eta oso interesgarria eta aberasgarria izan da. Esango nuke komunikazioa eta sarea maite dituen pertsona batentzat sekulako esperientzia dela, adibidez, hauteskunde kanpaina baten diseinua eta garapena bizitzea (eta urte hauetan zehar izan dira kanpaina batzuk...).

 

Kritika soziala, zure bideoen oinarrian egon ohi da askotan. Nola bizi duzu, «aurpegi publiko» izate hori eta zure iritziak garbi azaltze hori? Gatazkarik sortzen al zaizu?

Egia esan grazia pixka bat egiten dit «aurpegi publiko» naizela esatea Youtuben bideoak egiten ditudalako. 1552 jarraitzaile ditut Youtuben eta bideo batzuk ez dira ikustaldi kopuru horretara ere iristen (beste batzuk gehiago dituzte, bai). Twitterren 3.753 jarraitzaile ditut eta nire argazki eta izen-abizenak ditu @probatxoa nire perfilak. Askoz ere jarduera aktiboagoa dut Twitterren, Youtuben baino gai gehiagori buruz hitz egiten dut bertan, aipatzen duzun kritika sozial hori egunerokotasunaren parte dela esango nuke, nabarmenagoa kasu askotan.

Aldatzen den gauza bakarra formatua da, idatziz egin beharrean bideoan egiten dudala (eta hori euskaraz egiten duen oso jende gutxi dagoela). Beraz, benetan diot ez dudala uste beste inor baino «aurpegi publiko»-ago naizenik.

Dena den, galderari erantzunez, oraingoz behintzat gatazkaren bat sortu didan bideo bakarra lehenengo egin nuena izan da, Conquisen agertu zen Ertzainari buruzkoa. Hala ere, «normaltasun» baten baitan gertatutako gatazkak izan ziren, izugarri zabaldu zen bideo bat izan zen eta Youtuben nahiko ohikoak diren iruzkinak jaso zituen; baina hortik kanpo, ezer ez (zorionez!).

 

Ikus-entzunezkoen mundua eta Youtuber fenomenoak mila aurpegi ditu, batzuk onak, besteak aldiz ilun xamarrak. Zein da Youtuberren fenomenoari buruz --fenomeno bezala ikusita -- duzun iritzia?

Youtuberren (edo, orokorrean, influentzerren) fenomenoa oso interesgarria iruditzen zait. Aisialdi ereduan emandako aldaketak aipatu gabe, ezer ez zegoen lekuan milaka euro mugitzen dituen industria bat sortu dute, existitzen ez ziren lanbideak sortu dituzte afizioz egitea gustatzen zaienari lotuta. Eta, gainera, oso jende gaztea izan da bide hori urratu duena, duela 7-8 urtetatik hona eraikitako bidea. Helduena den mundu batean prozesu guzti hau kanpotik bizi izan dute gehienek, gertatzen ari zena oso ondo ulertu gabe eta gutxietsiz.

Gaur egun esango nuke 2. fase batean dagoela guztia. Profesionalizaziora iritsi da afizioaren sokari tiraka batzuk ireki zuten bide hura, orain arautuago dago guztia, onerako eta txarrerako. Ondo pasatzeagatik egiten zuten zerbait lanbide bihurtu zuten eta horrek ondorioak dakartza: edukia modu konstantean sortu beharra, zure esku ez dagoen plataforma baten mende egotea (Youtube, kasu honetan)... Zentzu horretan, sortzaile batzuk plataforma uzteko erabakia ere hartu dute hainbat arrazoirengatik: 27 milioi jarraitzaile dituen Rubiusek atsedenaldi bat hartu behar izan du sortutako estres eta antsietate guztiagatik, adibidez; beste batzuk erabaki hori bera hartu dute plataformak funtzionatzeko dituen gorabehera guztiengatik.

Ez dakit epe motzean honek guztiak zein ondorio izango dituen, ez dakit beste plataformak indartuko diren Youtuberen kaltetan edo honek bere zerbitzua hobetuko duen... auskalo. Niri, pertsonalki, profesionalizazio eremu horretatik kanpo dagoena interesatzen zait izugarri, sorrerako oinarrian zegoen guzti hori: nahi duzuna kontatzeko askatasuna, jendearekin elkarbanatzeko erraztasuna, ondo pasatzeko modu bat. Lehen esan bezala, onerako eta txarrerako, Youtuben euskaraz aritzeak gauzak perspektiba horretatik egitea esan nahi du.

Baina, aldi berean, ulertzen dut kalitatezko edukia sortzeko baliabideak eta denbora behar direla eta hori, azken finean, dirua dela... ez da gai erraza!

 

Argi dago ikus-entzunezkoen alorrean badela esperimentatzeko aukera. Baliabide gutxirekin ere, gauza asko egin daitezkela. Zein dira zuretzat alor honetan eta mundu mailan -- gertukoak badira ere bikain -- egin diren esperimenturik interesgarrienak.

Momentu honetan bideo bertikalean sortzen ari dena oso interesgarria iruditzen zaidala esaten badut...? [Duda moduan planteatzen du] Hau da, orain arte bideoak horizontalean egiten ziren (youtube, telebista, zinema...), baina jendea mobilekin grabatzen hasi zenean bertikalean grabatzen hasi zen. Azken emaitza aldiz, horizontalean izaten zen eta, beraz, akatsa zen bertikalean grabatzea. Gaur egun, ordea, ikus-entzunezkoak geroz eta gehiago kontsumitzen dittugu bertikalean (ez daukat datu zehatzik) Snapchat edo Instagram bezelako aplikazioen ondorioz. Orain dela gutxi Instagramek IGTV izeneko tresna atera du, bertikalean egindako bideo luzeagoak publikatzeko balio duena (eta batzuen ustez Youtuberi zentzu batean konpetentzia egiteko asmoz). Honekin esan nahi dudana da, orain arte bideoak egiten zirela beti eta formato horretara egokitutako “arauak” erabiltzen zirela, orain formatu bertikalean sortzen «asmatu» behar dugu eta interesgarria da ikustea formatu horretarako jendeak egiten dituen saiakerak.

 

Baliabideak gurean, dauden gutxiak, erakunde publikoek eta bereziki ETBk ditu. Orain bizi zaren auzoan, Tabakaleran, 2deo ikus-entzunezkoen laborategia ireki berri dute. Interneti begirako produkturik sortzeko ideia interesgarririk etortzen zaizu burura hauentzat?

Askotan sentsazioa daukat youtuben bideoan egiteagatik jendeak holako gauzen inguruan galdetzen didala... Ez dakit zer erantzun, agian esan dezakedan nire ustez garrantzitsuena proiektuak martxan jarri nahi dituen jendeari baliabideak ematea dela. Sortu nahi duten hori lotuko lukeen baldintzarik ezarri gabe, ahalik eta modurik libreenean baliabideak ematea, interesa duenak sortu dezan, sortu nahi duen hori.

 

Umorea, katuekiko alergia, olatuetara, kontzertuetara edo txozna turnoetarako gomendioak... Zer ez dugu ikusiko hurrengoan zure kanalean? Eta bereziki zer egin nahi duzu etorkizunean, ez bakarrik, ikus-entzunezkoei loturik?

Ba ez dakit, auskalo! Hori da honen onena, nik nahi dudana egiten dudala nik nahi dudanean, inork ezer esan edo baldintzatu gabe. Esperimentatzeko aukera ematen dit; esate baterako, bikoizketa bat egiteko gogoa jarri zitzaidan behin eta egin egin nuen, nahiz eta banekien ez zela lan on bat; berdin zait, ondo pasa nuen egiten eta emaitza erakutsi nahi nuen, pozik nengoelako.

«Nik nahi dudana egingo dut nik nahi dudanean», sinplea dirudi baina ez da hala, niretzat garrantzitsua izan da hasieratik hori argi edukitzea. Izan ere, jendeak erraztasun handiz esaten du eta zergatik ez duzu bideo bat egiten gai honen inguruan?, eta ez zait gaizki iruditzen, baina hasierako premisa hori argi ez baduzu komentario hoiek presio moduan senti ditzakezu azkenean. Eta hori ez, ez dut presiorik nahi, ondo pasatzeko nago hemen.

Eta horretaz gain... zer egin nahi dudan etorkizunean? Ba egia esan ez dut pentsatu horretan... auskalo!

Gorka Julio

2018, Uztaila 12
Arloa: Berba Bi