LAGUNA EDO NESKALAGUNA

agurtzane ORMATZA IMATZ

Kaixo Agurtzane !

Nire izena Julen da eta 17 urte dauzkat, Mungialdekoa naiz. Ez nekien idatzi ala ez; arazoa lagun pare batekin komentatu dut, baina ez dakit zer egin... beharbada zuk argituko didazu bidea.

Kontua da nire betiko laguna, Irati, oso gustuko daukadala. Bizitza osoan izan gara lagunak, oso lagun onak txikitatik. Berak mutil-lagunak izan ditu eta nik baita neska-lagunak ere. Orain dela urtebete biok libre gaude, eta betiko legez denbora asko ematen dugu elkarrekin; baina niretzat aspaldian oso deserosoa da, orain dela hilabete batzuk konturatu nintzelako berarekin maiteminduta nagoela. Zer egingo dut? Esango diot? Beldur naiz, ea gure adiskidetasuna zapuzten dudan... Mila esker.


Kaixo Julen!

Estimatzen dut zure barrenak askatzea. Ez da batere erraza horrelako barne-talka batean bizitzea, eta ez da erraza jakitea zer egin ere. Seguru asko, dagoeneko denetariko aholkuak jaso dituzu, eta zure buruak egun batean gauza bat pentsatu eta hurrengoan justu kontrakoa ere egingo du. Zoratzeko modukoa da.

Sentitzen dut, baina nik ezin dizut esan zer egin behar duzun; beharbada, zure bidean dauden harri batzuk kentzen lagunduko dizut, edo hori gura nuke behintzat.

Maitemintzearekin batera izugarrizko indarrak mugitzen dira. Alde batetik, aurrera egiteko indarra: edozeren kontra joateko, pertsona horren alde egiteko edozeren gainetik. Bestetik, beldurra, lotsa, zuhurtzia, atzera-pausoa, gure barrena ezkutatzeko beharra. Biak dira beharrezkoak oreka mantentzeko, baina momentu batean bati edo besteari bidea eman behar zaio (desioa eta beldurra beti doaz-eta batera).

Adiskidea denean gure bihotzaren jomuga, dena areagotu egiten da, intentsitatea sakonduz... Emozio asko daude kolokan, eta laguna ikusten dugun bakoitzean bide bat hartzearen beharrak estutu egiten gaitu. Beraz, ez da harritzekoa horrela sentitzea.

Seguru asko, inork baino hobeto zuk dakizu nolako harreman mota daukazuen, nolako intimitateak kontatzen dizkiozuen elkarri; eta ziur nago zuen indarguneak, gabeziak, beldurrak eta lotsak nahiko ondo ezagutzen dituzuela... seguru asko norberak baino hobeto lagunak.

Ziur nago zuen adiskidetasuna pentsatzen duzuna baino sendoagoa dela. Orduan...

Zerbait esaten badiozu eta berak ezetz esaten badizu: Batak zein besteak denbora hartu beharko duzue; beharbada aldenduta egoteko, arnasa hartzeko, zauriak osatzeko... Baina laguntasunak emango dizue bidea berriro ere zuenari eusteko.

Eta berak baietz esaten badu: Batak zein besteak lagun-bidetik bestelako bide-zidorretatik bidaiatuko duzue, bestelako harreman motak ezagutzeko, eta zuen arteko adiskidetasuna baliagarria izango da gauza batzuk errazteko.

Ezer ere ez badiozu esaten: Zure adiskidetasunari eutsi eta aurkituko duzu bidea zure baitan, sentitzen duzun maitemina maitasun bihurtzeko... minik gabeko maitasuna, lagun artekoa... sendoa. Hori badaukazu jada-eta.

Ikusten duzunez, bidea korapilatsua bezain zoragarria da. Zuri zer diozu zure barrenak? Zein da beharra, gogoa... eta zure sena? Zer agintzen dizu?

Inoiz idatzi duzu honi buruz? Edo behin eta berriro irudikatu dituzu istorio honen gaineko eszenak zure buruan? Saiatu zure barrena folio batzuetan husten, eta amaitu ostean, galdetu berriro zure bihotzari ea zer egin behar duen.

Seguru nago, zaila bada ere, aurkituko duzula desioaren eta beldurraren arteko oreka, behar duzuna egiten lagunduko dizun hori.

 

 

Ondo izan eta besarkada handi bat

 

 

 

agurtzane ORMATZA IMATZ

2018, Uztaila 02
Arloa: Jo ta jo