G PUNTUAREN BILA?
Aupa Agurtzane!
Nire izena Leire da, eta orain dela hilabete batzuk nire neska-lagunagaz hasi nintzen. Saiatu izan gara gure harremanetan G puntua bilatzen, eta horrek dakarren plazera sentitu gurean ibili gara. Baina ezin. Guretzat lehen aldia da, eta beharbada apur bat traketsak gara biok ere. Ez dakit txarto egiten dugun, edo beharbada guk ez daukagun puntu hori. Esango diguzu nola egin jakiteko non dagoen, plazera izateko? Mila esker Leireren eta bion partez!
Aupa Leire eta bikotekidea!
Mila esker idazteagatik!! Orain horrenbeste informazio daukagu, galdu ere egiten garela. Ez da harritzekoa, askotan oso nahasia eta kontraesanez beteta dago-eta. Orduan zalantzak sortzen dira, eta zaila izaten da gure senari jarraituz bide propioak eraikitzea.
Erantzuna hobeto kokatzeko: 1950ean Ernst Grafenberg ginekologo alemaniarrak bagina barruan kitzikagarria zen zona bat aurkitu zuen, eta bere abizenaren hasierako "G" hartu zuen lekua izendatzeko: G puntua, plazeraren iturria zelakoan. Harrezkero, leku horren bila hainbat neska eta emakume joan izan gara. Batzuek aurkitu zuten eta beste batzuek, aldiz, ez. Seguru aski, aurrenekoak pribilegiatuak sentitu ziren eta ondorengoak nahiko etsita, eurek oso “normalak” ez zirela pentsatuz. Urteak joan eta urteak etorri, azken urte hauetan G puntuaren oihartzuna atzera ere heldu zaigu gurera. Dena den, aitzakia paregabea da gure baginaz, gorputzaz eta gure plazeraz gehiago jakiteko.
Grafenberg jaunak aurkitu zuena gure gorputzean plazererako dagoen beste toki bat baino ez zen izan. Neska batzuentzat oso kitzikagarria izan liteke eta, aldiz, beste batzuentzat ez. Gauza bat da jakitea non dagoen leku hori, eta beste bat denontzat plazera ematea.
Gorputzaren gaitasuna izugarria da, plazera zein mina sortzeko. Bakoitzak bizitzan zehar, bere esperientzien bitartez ikasten du zerk eragiten dion plazera eta zerk mina. Gure gorputzarekin, eta baita gure lagunarekin (lagunekin) ere, plazeraren zirkuituak jorratzen ditugu, etengabe.
Harreman erotikoen eremuan garrantzitsuena une horretan bikotekideok nola gauden izaten da. Hau da: zelako bizipenak dauzkagun, gure desioaren bideari eusten diogun, lasai asko gabiltzan ala zerbait lortu nahiaren presioarekin, nola ebaluatzen dugun gure harreman erotikoa, zelako sentsazioek zeharkatzen duten gure gorputza, zelako burutazioak daukagun… Erantzunek esango digute zerbait falta den, zerbait berria frogatu gura dugun, ase gauden ala ez… G puntua aurkitzea eta igurtzea kitzikagarria den, edo bestelako joko erotikoetan murgiltzea guraago dugun.
Hau dena esanda, gura baduzue jakin non dagoen eta zuen erotikarako ikerkuntza-sailean atal berri bat sortu, hona hemen G punkturantz bide bat.
Jakiteko non dagoen G puntua, ezinbestekoa izango da lasai egotea, presiorik gabe. Hau ikerketan eta jolasean ibiltzeko joko bat baino ez da-eta. Beharbada bakoitzak bere aldetik guraago du ikertu, edo aldi berean elkarregaz, eta gero batak besteari norberaren bideak irakastea; zuek ikusi! Jakiteko, galdetzea besterik ez dago. Behin leku eroso bat aurkituta zuen intimitatean murgiltzeko, biluztu:
Hankak zabalik dena ondo ikusteko (ispiluak ere laguntzen du). Astiro eta arnasa lasaitasunez hartuz, sartu hatzamar bat edo bi bagina barruan. Astiro sartu hatzamarra 4-5 zentimetro barrurantz. Sartzean nabarituko duzu nolakoak diren baginako muskuluak: bigunak, hezeak, malguak, borobilak eta luzeak, leunak… Sentituko duzu nola hatzamarra harrapatzen duten, zure hatzamarraren forma hartuz. Hor geratu, ea nolako sentsazioak eta sentipenak dituzun. Saiatu bagina uzkurtzen eta askatzen; hatzamarra estutuko da eta askatuko da. Bagina barrua ez badago oso lubrifikatuta edo lehortzen badoa, eduki eskura baginan erabiltzeko lubrikante bat, hatzamarrean eta bagina barruan ipintzeko, bidea errazteko.
Gura duzunean, jarri hatzamarra kako-forman eta puntarekin ukituko duzu baginaren aurrealdean eta goian dagoen zati bat, justu puxikaren azpitik dagoena. Eta pubiseko hezurretik bi zentimetrotara. Hortxe dago G puntua! Ukitzean nabarituko duzu bertako ehuna desberdina dela, zimurtsuagoa.
Laztandu tokitxoa oso astiro eta leun. Hasieran ez da oso erosoa; beraz, behar duzun erritmoa, abiadura eta presioa lortu arte denbora apur bat darama. Hortxe geratu sentsazioak sentitu arte, ea gero eta plazera handiagoa ematen duten ala kontrakoa. Ez baduzu inolako plazerik sentitu, edo mina sentitu baduzu, leundu laztana deserosotasuna kendu arte.
Emakume batzuek txiza egiteko gogoa edukiko dute; lasai, txizarik ez da agertuko-eta. Baina beharbada eremu honen marruskatzearekin emakumearen eiakulazioa gerta liteke. Hau da, orgasmoa baino lehenago edota orgasmoarekin bat datorren isurketa. Beraz, lasai!
Erotikaren ikerketan gorputza ardatza da, eta gorputza GU GEU GARA!


