Gazteen neguko bertso barnetegia
Otsailak 16, barikua
Hizkuntza lagun eta lo egiteko zakua bizkarrean hurbildu ziren Bizkaia osotik etorritako gaztetxo bertsolari eta bertsozaleak. Batzuk aspaldiko lagunak, lehen aldiz hurbildu zirenak besteak, iazko bertso txapelketan batera kantatu zutenak ere baziren… eta horretarako zer hoberik ezagutza jolasak baino. Errimarekin jolastuz, doinuarekin jarraituz… giroa berotzen hasi zen. Iluntzea baino lehen, talde bakoitzak bere bertsoa osatu zuen. Zortziko handiak, zortziko txikiak, koplak, abesti ezagunak, rap erritmoak… denetarik entzun zen Lurraskako jantokian.
Afaldu eta gaubela moduan musika kutxa prestatu zuten begiraleek. Bertsoa, hizkuntza, kirola eta erronka desberdinez igaro zuten gaua. Ondoren lotara joan ziren gaztetxoak, ez ostera lo egitera.
Otsailak 17, zapatua
Ordu gutxi lo egin izana ezagun zan bertsolari gazteen aurpegietan. Begiak erdi itxita agertu ziren gosaria jatera. Aurretik egun luzea zuten gaztetxoek. Bertsotan trebatuenak zirenak Astra kultur gunera joan ziren. Bost edo sei gaztetxoetako taldeak osatu eta lau oinak emanda, ofizioka edo bakarkako lanetan sakondu zuten. Hasiberrienek, dantzarekin eta erritmo biziekin gozatu zuten goiz euritsua. Kopla herrikoi batek dioen moduan horrela aritu ziren:” punta orpoa punta aurrera atzera, orain alde batera ondoren bestera”.
Bazkaria ondo merezitakoa izan zen. Makarroiak eta almondigak, gazteen gustokoa. Arratsaldean ere sormen saioa izan zuten. Urteroko zita izaten da bertso afariaren antolaketa sorpresak sortzen duen ilusioa. Ikasgelan ikasi eta plazan kantuan ikusi eta entzundako bertsolariak aurkeztu eta gazteek nahi dutenari buruz kantuan jartzeak indarra ematen dio egonaldiari.
Etxahun Lekue eta Jone Uria hurbildu ziren afaritarako. Jone Uriaren aurkezpena Kataluniako doinu ezagun batekin burutu zuten, Etxahun Lekuerenak lau teilatu abesti ezagunaren soinu banda izan zuen. Bata matematikaria dela, bestea Bizkaiko Txapelduna…barreka amaitu zituzten aurkezpenak. Gai jartzaile lanetan ere izan zen berezitasunik. Ohiko ofizioetatik aparte, begiak itxita jarri zuten bertsotan txapelduna, nor da nor jokora aritu ziren jolasean eta puntuka bertsotan eginez agurtu ziren bi bertsolari gonbidatuak.
Otsailak 18, domeka
Hiru eguneko egonaldia igande goizean amaitu zen. Eguerdian heldu ziren guraso eta lagunak. Asteburua bertsotan pasatu zuten gazteek etxerako bidea hartu zuten baina ez lehenago elkar agurtu gabe. Besarkadak, mugikor zenbaki trukaketak, whatsapp mezuak, agurrak… izan ziren baina berandu baino lehenago batuko ditu bertsoen agendak Bizkaiko bertsolari gaztetxoak. Martxoan BBK eskualdekako gazteen sariketa izango da eta maiatzean eskolartekoak izango du protagonismoa.