Anita Parker

Ohiko pop eta rock estiloetatik urruntzen diren doinuak aurkezten dizkigute, elektro-swing delako musikara bideratu dituztelarik beraien abestiak.

Taldearen oinarrian Gose taldean ezagutu genituen Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga aurkitzen ditugu. Beraiekin batera Zango taldeko Ane Martinez eta Olatz Andueza daude, azken hau Skalariak taldean aritutakoa.

6 abestiz osaturiko diskoa da honakoa eta lagun ugari izan dituzte kolaboratzaile moduan.  Ricardo Altunak ahotsa sartu du “Izar Gorria” abestian. Arkaitz Biainek “Amaia” abestian ahotsak eta testuak egin ditu. John Kaimanek bonbardinoa jo du "Orain eta Beti” kantuan. Zigor DZ dj-a da “Michelle” abestian. Inazio Olaizolak koruak egin ditu “Orain eta Beti” abestian eta Koldo Uriartek pianoa jo du “Bitxo” abestian, lagun andana bakoitzak bere ekarpen pertsonala eginez.

Massive Attack, New Order, trap doinuak, elektronika swing musikarekin batua dira besteak beste beraien kantuak deskribatzeko erabiltzen dituzten izenak. Estilo eta erreferentzia guzti hauen nahasketaren emaitza da diskoa.  Dantza egitera bultzatzeko helburuarekin egindako abestiak dira Arrasateko Shot! estudioan Anita Parker taldeak grabaturiko hauek.

 

Gotzon Uribe

2018, Urtarrila 28