SEXFIKZIOA ETA ERREALITATEA
Aupa Agurtzane,
Nire izena Lander da eta urtebete daramat nire neska-lagunarekin. Oso harreman ona daukagu, konfiantza osoz eta gustura ibiltzen gara. Azken boladan, bi-hiru hilabeteotan, gure txortan egiteko modua aldatu gura dugu, badakizu, ez aspertzeko. Hori dela eta, pelikula pornoak ikusten hasi ginen. Bakoitzak bere gustuak baditu ere, egia da ikusteak berotzen gaituela. Baina gero saiatu izan gara antzekoak egiten eta desastre hutsak gara... Zer egin genezake gure txortaldian trebeagoak izateko? Mila esker!!!
Aupa Lander,
Mila esker zuri, eta zorionak, ez delako batere erraza izaten erotikaren alorrean horrelako konfiantzarik izatea. Biluzteko gai izatea —ez arropa kentzea soilik, baizik eta gure barrenari estalkia kentzea—, elkarri onartzea zer duzuen gustuko eta lagunarena errespetatzea txarto sentitu gabe, zuen gogoari eustea gauza berriak probatuz, eta gainera gai izatea aditu baten aholkua eskatzeko... Nire uste apalean, badaukazue baliabiderik garrantzitsuena harreman erotikoa jorratzeko: ZUEN ARTEKO KONFIANTZA. Horrek bai lagunduko dizuela beste guztiarekin asmatzen. Hori ez da inon erosten, eraiki egiten da, eta zuek adreilurik garrantzitsuenak badituzue ipinita!
Larrua jotzeari lotutako ia film guztien atzean lan handia dago: aktoreak, atrezzoa, zuzendariak, muntaia, errealizazioa... Horrek esan nahi du film bat dela. Kasu horretan, helburua ikuslea kitzikatzea da, gozaraztea... besterik ez. Beraz, lantaldekide guztien artean hori bultzatu dute. Berdin da zenbat aldiz moztu behar den akzioa zuzendariak nahi duen erekzioa lortzeko, edo gura duten plano kitzikagarriarekin asmatzeko; zenbat "ebaki eta itsatsi" egin behar dituen, muntaia atzekoz aurrera landu behar den, semena gezurrezkoa den, eta orgasmoaren oihuak ere... dena lana da.
Fantasian eta pelikuletan agertzen dena ia perfektua da, nola ez! Hor dago gakoa. Arrakasta horretan datza. Beraz, ez da harritzekoa pelikuletan lortzen dena gure jolasean gauzatu ezin izatea. Kopiatzea zaila da; zuek ez zarete aktoreak, zuek elkar maite duzue. Ez dago "moztu eta itsatsi" egiterik, ez daude fokurik, ezta zuzendari bat ere... ez da pelikula bat, zuena ez. Zuena zuzeneko errealitatea da.
Zuena zuek eraikiko duzue, bata bestearen arnasari jarraituz, zuen emozioei kasu eginez, azalaren hizkerari erreparatuz, zuen urduritasunak nora eramaten zaituzten ikasiz, zuen buruari barre eginez, erekzioa galduz, lubrikazioa nola areagotu begiratuz, hanka-sartzeari bidea eginez... Pelikuletan agertzen den postura bat kopiatu eta non zaudeten zuek begiratuz, zuen gustuko txokora eramanez, zuen irudimena landuz eta, beharbada, partekatuz...
Eman denbora zuen prozesuari, jolastu desioarekin, egon adi ea zer den benetan behar duzuena, barre egin, egin kasu zuen senari...


