Pi L.T taldearen itzulera
Egunotan bolo bolo dabilen albistea da Mungiako Pi.L.T taldearen itzulera. Zurrumurru ugariren ondoren taldeak argitara eman du kontzertu gutxi batzuk eskeintzeko bueltatuko direla. Xanpe (bateria), Aitor Abio (teklatuak), Rafa Rueda (kitarra eta ahotsa), David Gonzalez (baxua) eta Txarli Solano (baxua) izango dira zuzenean arituko diren lagunak. Taldearen ibilbideko garai ezberdinetan aritutako lagun eta musikariak dira. Taldea kontzertu hauek eskeintzeko boskote moduan arituko da zuzenean.
Hamar urtetik gora igaro dira azkenengoz zuzenean aritu zirela, geroztik asko izan dira taldea zuzenean ikusteko gogoa erakutsi dutenak. Arrazoi berezirik ez dago itzulera honetan, musikarekiko pasioa eta beraien arteko elkarkidetzak lau kontzertu antolatzera eraman du taldea. Maiatzaren 05ean Bilboko Kafe Antzokian arituko dira, 6an Atarrabiako Totem aretoan, Tolosako Bonberenearen txanda izango da 12an eta Gasteizko Jimmy Jazzen hurrengo egunean.
Talde esanguratsua eta mugarria izan da Pi. L.T Euskal Herriko musika eszenan. “Hil Da Jainkoa” abestiarekin lortu zuten ospea eta 1992an sorturako taldeak “Denbora” moduko disko biribilak plazaratu zituen.