Bertso guztien habia diskoa atera du argitara Taket Bertso Eskolak eta Mungialdeko musikariek

Elkarrekin ondutako diskoan, bederatzi kanta eta esker bertso bat dakartzate Taket Bertso Eskolako kideek eta Mungialdeko musikari eta taldeek  batzuk aipatzearren herriko trikitilariak, rockeroak, musika eskolako musikariak, Taberna Ibiltaria, Itziarren semeak, Belako, Rafa Rueda, Nohizean Behin, Kherau....

Askotariko musika-estiloak, idazkerak, kantakerak eta gaiak uztartzen dira diskoan, ardatz baten inguruan, baina Mungiarekin eta bertsolaritzarekin lotutakoak dira denak: herriko auzoak, bertso- gaitza harrapatzea, bertso-eskolako gazteen eragiletza, parranda eta ligoteoa, bertsoa eta zurruta uztartu beharra edo behar ez izatea, bertso-eskolatik urruntzea, emakume bertsolariaren ahotsa eta Taket bertsolari zaharraren ibilbidea.

Egileen esanetan, “bertsolarien eta musikarien arteko lotura hori estutu gura izan dugu: Mungialdeko musikarien eta bertsolarien elkarlana indartzeko eta ikusarazteko proiektua duzu disko hau”.

Argitalpenean bertan agertzen den bezala, Diskoa Made in Mungia da, bertatik bertara egindako lanaren emaitza delako: diseinua, grabaketa, edizioa... dena egin baita Mungialdean.

 

 

 

 

Iñaki Iturriotz

2017, Urtarrila 27
Arloa: Bertsoleku