Ixiar Rozas -

Kontaizu

ber15_1.jpg

“Liburuetan munduari buruzko ikuspegi kritiko bat bilatzen dut”

  • Lasarte-Orian jaio zen, 1972an.
  • Kazetaritzan lizentziaduna da, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomako Gidoilaritza Masterra egina du.
  • Kazetari eta gidoigile lanetan aritu da zenbait egunkari eta telebistan, eta Memorie Periferiche eta Periferiak enkontruen sortzailea eta koordinatzailea da.
  • Gau bakar bat (Hiru) antzezlana eta haur eta gazteei zuzenduriko Yako eta lurra (Erein) argitaratu ditu berriki.

Bost urte dira Edo zu edo ni lehen nobela argitaratu zuenetik. Haren ostean etorri ziren Sartu, korrontea dabil eta Yakori eskainitako trilogiaren lehen bi aleak. Bere azken bi argitalpenen harira bildu gara Ixiar Rozasekin: Yakoren zikloa i

ber15_2.jpg

 

Bi eskale, gartzelan preso dagoen emakume bat, gartzela berean lan egiten duen emakume bat eta azken horren senarra izandako kazetari bat beren azken gaua izango dena nola bete asmatu nahian. Ez da batere samurra Gau bakar bat antzelanean planteatzen duzun ikuspegia.

Denbora asko da galdera hori etorri zitzaidala, zer gertatuko litzateke bat-batean iragartzen bada mundua amaituko dela ordu batzuetan. Horrek eman zidan egoera, eta horri lotuta asmatu nituen istorio batzuk. Atzekoz aurrerako zenbaketa horretan jarri nituen sei pertsonaia, eta antzezlanean zehar azaltzen da pertsonaia horietako bakoitzaren erreakzioa ezustean iritsitako albistearen aurrean. Bi gauza bereiztuko nituzke lan honetan: batetik, kontatzen dudan istorioa –sei pertsonaia hauei gertatzen zaiena-, eta bestetik obran zehar aipatzen diren gaiak, horien artean apokalipsia. Bai Irailaren 11koa gertatu zenean bai orain tsunamiarekin apokalipsi hitza behin eta berriro aipatzen ari da. Nik bi azalpen bilatu dizkiot gertatzen ari denari. Batetik dago gizon-emakumeon gainbehera, humanitatearen gainbehera, eta hori begibistakoa da. Egungo gizartea geroz eta egoera kezkagarrian dago. Bestetik, naturaren gainbehera daukagu, aurrekoarekin loturik dagoena. Urte batzuk badira galdera hori buruan bueltaka dudala, eta orain dela urte bi erabaki nuen paperera eramatea. Baina horrek ez du esan nahi bizitzarekiko ikuspegi ezkorra dudanik, inondik ere. Oso pertsona bizi zalea naiz, bizitzan sinesten dut. Gramscik esaten zuen bezala: arrazoian ezkor, borondatean baikor.

 

Pertsonaietan antzematen da egoera gogorra izan arren, bizitzeko gogoa, nahia

Istorio hau kontatzeko modu asko zeuden. Zergatik aukeratu nuen hori? Ez dakit oso ondo, baina lehenengo antzerki forman etorri zitzaidan burura, eta ondoren pertsonaiak hasi ziren azaltzen. Saiatu naiz batzuetan egoera komikoak sortzen. Jakina, halako gai batekin zerbait esplosiboa egin dezakezu, pertsonaiak azken orduak modu hedonista batean igaro zitzaketen, baina ez nuen horrelakorik bilatzen. Nahiago nuen beraiekin azken memento horiek igaro, azaldu bere burutik zer pasatzen den nahiz eta jakin oso zaila dela halako egoera batean jartzea. Baina egoera absurduak ere badaude, adibidez zapata garbitzailea kolore baten bila dabil. Askotan gertatzen zaigu urduri gaudenean gauza inozoak egiten hasten garela.

Gau bakar bat-en bezala zure aurreko lanetan ere gogoeta eragiten duten gaiak agertzen dira. Izan daiteke emigrazioa -Sartu, korrontea dabil-en aipatzen dena- zein gizon-emakumeon arteko gatazkak. Horiek dituzu idazteko arrazoi?

Niretzat bai, azken batean kezkatzen nauten gaiak direlako. Gai horien aurrean oso jarrera ezberdinak egon daitezke. Baina kontu horien inguruan aritzeak ez du esan nahi idazketaren bitartez azalpena bilatzen diedanik. Ez da hori nire asmoa. Gai horiek literatura behar dute, baina beste hainbat gauza ere. Eraman ditzakezu gai horiek liburuetara zuzenean, edo diskurtso bat eginez edo moralista izanez, baina iruditzen zait horrela ez diozula tarterik uzten irakurlearen adimenari ezta irudimenari ere. Fikzioa egiten ari zara errealitatetik abiatuta, baina fikzioak ez du egia bilatzen; ez du erantzunik ematen, galderak egiten ditu. Bai, natural ateratzen zait gai horiei buruz idaztea.

 

Dena den, ez da horretara mugatzen zeure literatura. Hainbat alor jorartu dituzu, nobela eta antzerkia ez ezik poesia zein haur eta gazte literatura ere. Literatura bere osotasunean kontuan hartuta, zer bilatzen duzu idazle moduan?

Zer bilatzen dudan? Lehenengo oso zaila da buruan duzun hori paperera zuzenean eramatea. Buruan duzunaren eta paperean idazten duzunaren artean batasuna egotea bilatzen duzu. Baina hori bakarrik egingo bazenu agian egozentriko samarra izango litzateke, nahiz eta formaren edertasuna bilatze horrek ere badu bere puntu etikoa, baina nire ustez ez da nahikoa. Istorioa kontatzeko modu jakin bat, eta horri lotuta hizkuntzaren erabilera jakin bat bilatzen dut.

Eta irakurle moduan, zer bilatzen duzu literaturan?

Agian errazagoa izango da zer bilatzen ez dudan esatea. Ez dut bilatzen ni entretenitzen saiatzen den literatura, ezta estetikan geratzen den zein hizkuntzaren erabileran plazera helburu duen literatura. Ez dut bilatzen fikzio pilula bat ezta. Liburu bati eskatzen diot istorio on bat, konplexutasuna, pertsonaien tratamendu jakin bat. Munduari buruzko ikuspegi kritiko bat bilatzen dut, azken batean.

Markatu zaituen liburu bat?

John Bergerren Páginas de la herida, baina gehiago ere badaude. Azkenean, irakurketa gehienek uzten dizute zerbait.

Zer suposatzen dute zeuk idatzitako liburuek zuretzat?

Denak maite ditut. Hainbeste gertatu da liburu horiek idatzi bitartean! Bai idazketa prozesuan bertan bai hortik kanpo, normalean ez bainaiz idazketara bakarrik dedikatzen. Saiatzen naiz lau-bost ordu idazketari eskaintzen, baina gero beste hainbat gauza egin behar ditut. Ezin dut neure bizitza idazketari soilik dedikatu. Ez dut bereizketarik egiten nire liburuen artean, azken batean intentsitate berarekin idatzi ditut guztiak. ber15_3.jpg

Kontaizu

2005, Otsaila 01
Arloa: Berba Bi