Behetik gora edo goitik behera

Bizitza etenganbeko borroka dela zenbatetan entzun ote dugun. Lorpen baten ondorengo lanari aurretiazko arrakasta lortu izan ez bagenu bezala ekitea komeni da ezbairik gabe, garaipenen anestesiak eragin ez gaitzan, lorpen gehiago egon daitezen prestatuta egoteko. Txanponaren bestaldea da porrotaren ondorengo bideari ere berdin ekin behar zaiola, zerbait gaizki atera izanaren kolpeak eragindako zorabioa ahalik eta lasterren uxatu dezagun. Jakina, bizitzaren araua izanik, garaipen eta porrotaren mugak horren era argian idatzirik dituen kirolaren eremuan era nabarmenean dira aplikagarriak gauzen 'kontinuum' aren lege hauek. Era grafikoan behatuko dugu?

 

Garbiñe Muguruzarentzat hauxe izan da ezbairik gabe bere ibilbideko denboradarik onena. Jatorri euskalduneko tenislarentzat 2015a primerakoa izan bazen ere (Wimbledon-eko finala eskuratu zuen), 2016ean iritsi zaio momentuz lortu duen garaipenik gogoangarriena, Parisko Roland Garros handian garaipena eskuratu baitzuen finalean Serena Williams, ziur asko historian egon den tenislari onena, mendean hartuta. Momentu hortan, historiarako ekainak 4 hartan, Muguruzaren inguruan idatzi zirenak izugarriak izan ziren: errelebantea zela Williams mendean hartu izana, belaunaldi aldaketak akaso erregina berria ekar zezakeela, 23 urte eskasekin munduko gorenean egoteko moduko talentua zuela etab. Bada, hilabeteak pasa dira, eta Muguruzaren denborada goitik behera joan dela esan genezake. Ez da berez urte txarra izan denik, are gehiago, handienen artean jokatzeko gai dela erakutsi du Muguruzak behin eta berriro, baina txapelketa frantziarrean garaipena lortu zuenetik ez du beste garaikurrik altxatu. Era sinplean Parisen primerako errendimendua erakutsi izanak maila berdintsua berriro ere eman zezakeela iradoki zuen, titularretako gehiegikeriak jarraituta. Urtetik urtera emaitzak lortu dituen heinean, hurrengo denboradan marka berriak erdietsiko dituenaren duda gutxi ditugu.

 

Txanponaren bestaldea erakusteko Jonathan Castroviejo txirrindulari bizkaitarra izango genuke. Bere burua oso perfilaturik duen kirolaria da, bere ibilbidean erlojuaren aurka jarduteko talentua mahaigaineratu baitu ibili den talde orotan. Urtea erronkaz beterik zetorkion getxoztarrari, are gehiago aurtengoa joko olinpiko garaia zela kontutan hartuta. Bi aldiz Espainiako txapeldun izanik, urteko lehen saiakera iazko titulua berritzea zen, baina 22 segundok aldendu zuten garaipenetik, Ion Izagirreren mesedetan. Hurrengoa, hain zuzen ere joko olinpikoetako, Rio de Janeiroko mendi muin zirraragarria, baina kasu hontan ere zutoinera Castroviejoren saiakera, 4 segunduko tarte eskasagatik baino ez baitzen medailetatik kanpora geratu. Arrakastetatik gertu egoteak hauengandik urruti egoteak baino amorrazio gehiago eragin dezake batzutan. Baina Castroviejoren denborada bukaera izugarria izan da. Lehenik eta behin sekulako nagusitasuna azalduta erlojuaren aurkako Europako txapeldun altxatu zen, eta ondorengo munduko txapelketan brontzezko medaila zintzilik bueltatu zen Dohatik, 29 urterekin bere ibilbideko urterik onena gauzatuz.

 

Biak ere primerako denboradak izan dira, ezbairik gabe, handienekin lehiatu eta irabaztera ere iritsi baitita bai Muguruza eta bai Castroviejo ere. Halere, behetik gora edo goitik behera jardutearen sentsazioak ze desberdin suertatzen diren.

Iker Zabala

2016, Azaroa 16
Arloa: Kirolak