Bide Ertzean
“Zutaz kantatzeko” izango da Bide Ertzean Tolosako taldeak plazaratuko duen lan berria. Agur esateko disko-liburua aurkeztuko dute, Ubeda anaiek gidatzen duten taldeak etenaldi luze bat burutuko du eta. Lan berria berezia izango da, Jon Eskisabel kazetariak idatzitako liburu bat izango da tartean eta taldearen bitxikeria ezberdinez osatuko disko bilduma batekin lagunduta etorriko da. Biak bata bestearen osagarri, tirada mugatuko lan bat izango da.
Bide Ertzean-en 18 urteko ibilbidearen erakusgarri izango da Jon Eskisabelek ondu duen liburua. Bestetik, liburuaren barruan etorriko den CDa 14 kantuz osatuko da: diskoetatik aparte utzitako kantuak, bertsio argitaratugabeak, zuzenean zein irratietan egindako moldaketak, maketak, remix-en bat…
Honen harira taldeak honako zenbait zuzeneko aurkezpen burutuko ditu. Abenduaren 06an Durangoko Plateruenan arituko dira, Abenduaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian eta abenduaren 18an Donostiako Antzoki Zaharrean. Emanaldi hauen ondoren, taldeak etenaldi mugagabe bat egingo du. Bolada luze batean, beraz, Bide Ertzean taldea zuzenean ikusteko aukera bakarrak izango dira hauek.