Nabigatu seguruago ordenagailuan eta sakelakoan
Nabigatzailea da oraindik gehien erabiltzen dugun tresna, mahaigaineko eta ermangarrietan argia da, baina sakelakoetan ere oso tresna garrantzitsua da oraindik. Hemen zenbait gomendio nabigazio seguruago, pribatuago eta anonimoago bat egiteko.
Funtzio ezberdinak dituzten aplikazio asko badaude ere, nabigatzailea izan ohi da gure gailuetako aplikazio garrantzitsuenetakoa. Horregatik da garrantzitsua modu seguruan nabigatzea: bai phising saiakerak saihesteko (informazio konfidentziala iruzur bidez eskuratzea) edota exploit erasoak saihesteko (segurtasun akatsak baliatzeko programa edo komando sekuentzia).
Nabigatzaile berrienek modu seguru bat izaten dute eta baita informazio gutxiago gorde edo sesio horretarako bakarrik gordetzen duten modu pribatua. Pasahitzak ez gordetzea edota inprimakiak automatikoki betetzeko funtzioa ez aktibatzea ere gomendagarria izan ohi da.. Sakelako telefonoetan adibidez Chrome nabigatzaileak modu segurua eta modu pribatua dauzka.
Gehigarri batzuen bidez oraindik segurtasun gehiago izan dezake gure nabigatzaileak, horietako bat HTTPS Everywhere. Honi esker nabigatzaileak beti aukera egotekotan zifratutako komunikazioa erabiliko du gure nabigatzailea eta zerbitzariaren artean segurtasuna handituz. Webgune batzuk aukera hau eskaintzen badute ere, batzuetan ez da erabiltzen, bada honekin aukera segurua izango da lehenesten dena.
Anonimotasuna ziurtatu nahi badugu aldiz tresna garrantzitsuena Tor da. Tor software librea da, sare irekia, eta askatasuna, pribatutasuna, negozioak, jarduerak eta harreman konfidentzialak mehatxatzen dituzten "zaintzaileengandik" babesten gaitu, trafiko analisia bezala ezaguna den sareko "zaintza" horretatik babestuz. Tor erabiliz erabiltzen ditugun zerbitzuek konexioa nondik datorren jakitea zailagoa izango da, ez da guztiz anonimoa izango erabiltzailearen zenbait portaerek anonimotasuna apur baitezakete, adibidez zerbitzu bateko izena emateak.
Normalean nabigatzaile arruntekin erabili badaiteke ere, gomendagarria nabigatzaileen bertsio bereziak erabiltzea Torrekin batera. Ordenagailuetan Tor Browser nabigatzailea jaistearekin nahikoa da. Android sakelakoetan aldiz Orbot instalatu eta ondoren Orfox nabigatzailea instalatzea da gomendagarriena. Proxy libre bat martxan jartzen duen aplikazioa da Orbot, eta gainontzeko aplikazioei Internet modu seguruan erabiltzeko aukera ematen digu. Tor sarea erabiltzen du Interneteko trafikoa zifratu eta gure identitatea gordetzeko, munduan zehar barreiatuta dauden ordenagailu sare baten bidez. Orfoxek erabiltzeko instala daiteke Orbot, baina baita beste aplikazio batzuekin erabiltzeko ere.
Oraindik ere segurtasun neurri gehiago hartu nahi baditugu edota aipatutako hauek gure ohiko sisteman instalatu nahi ez baditugu ordenagailu ohikoetan bada beste aukera bat, Tails. Tails instalatzerik behar ez duen sistema eragile oso bat da. Nahikoa da ordenagailua Tails duen USB, SD txartel, DVD... batekin martxan jartzea eta gure ohiko sistema eragilea ukitu gabe sistema seguru honetan egongo gara lanean. Tresna hau kasu hauetan erabili ohi da:
-
Zentsura saihesteko eta anonimotasunez nabigatzeko.
-
Erabiltzen ari zaren ordenagailuan arrastorik ez uzteko.
-
Fitxategiak, posta elektronikoa edota berehalako mezularitza zifratuta seguruago erabiltzeko.
Segurtasuna, pribatutasuna eta anonimotasuna gure esku daude; ondo dago ezagutzea noizbait erabili beharko bagenitu erabili ahal izateko. Tresna hauei buruzko informazioa izatea gure eskubideak defendatzeko tresnak dira eta horregatik garrantzia berezia dauka hauen ezagutza zabaltzea.