Belarmiñak

Tolosaldean jatorria duen Belarmiñak taldeak lan berria plazaratu du, “Haztearen zerdia” deitzen dena. Rock’n’rolla hizpide izanik, melodiaz beteriko power pop kantuak batzen dituzte diskoan. Lisabo taldeko kidea den Karlos Osinagaren laguntzarekin grabatu du diskoa Iki Poliki (gitarra eta ahotsa), Eñaut Maiz (baxua eta ahotsa), Ilargi Agirre (bateria) eta Joxi Ubeda (gitarra eta ahotsa) osatzen duten taldeak.

2013an jarri zuten martxan proiektua inguruko hainbat taldetan aritutako lagunak elkartu zirenean. Lobo Electrico, Tortura Sistematica, Bukaera edo Batzuk moduko taldeetan ibilitako kideak.

2014an hainbat kantu grabatu eta Interneteko bandcamp plataforman jarri zituzten (belarmi-ak.bandcamp.com/) entzungai.

Hasieran, Belarmiñak taldeak bere kantuen bidez giro akustikoak eta hunkigarriak sortzen zituen, taldekideen barne munduak, sentimenduak, emozioak, zalantzak eta kezkak azaltzeko. Kantu gehienak lasaiak eta leunak ziren, nahiz eta biziagoak ziren beste batzuk ere jotzen zituzten. Doinuetan, pop, rock eta folk ukituak sumatzen ahal ziren. Taldeak orain indar handiagoz jotzen du, bi gitarra elektrikorekin, baxu elektrikoarekin eta bateriarekin.

Gotzon Uribe

2016, Uztaila 05