Txanpona airean
Penaltya kirolaren aurpegi edo gurutzea litzateke. Zenbaitetan jaurtiketa baten ondorioak partida oso bat, edo denborada oso bat, edo ibilbide oso bat balio dezake. Berdinketak desegiteko tresna, penalty jaurtiketa sekula ez da posizio erosoa. Bi protagonista izaten ditu beti ere, botatzen duena, eta jaurtiketa gelditzeko saiakera egingo duena. Bientzako desatsegina. Lehenak sartu beharraren presioa baitauka bere bizkar, bigarrenak jaurtitzaileak zer egingo duenaren zain egon beharra baitauka arrakasta lortzeko. Portzierto, ez gara futbolaz ari, eskubaloiaz baizik.
Julen Aginagalde euskal eskubaloiko jokalari esanguratsuena dugu, ziur asko, nahiz eta urteak igaro diren euskal klubak utzi zituenetik. Irunen jaioriko pibotak aspaldi erakutsi izan du, etxean zein nazioartean, kirol hontan punta puntako jokalari dela, eta Bidasoa utzi ondoren, Ademar Leon, Ciudad Real eta Atletico Madril talde indartsuetan bere lidertza azpimarratzen jakin izan du. 2013an, mundiala irabazi berritan, are urrutiago joatea erabaki zuen. Behin munduko pibote erasokor onenetarikoa bezala onartua, nahi zuen tokira joan zitekeen, eta Poloniako Kielceren aldeko apustua gauzatu zuen. Erabaki arrotza izanagatik, denborak norabide zuzenean harturikoa izan zela erakutsi du, izan ere, Aginagalderen presentzia tarteko, izugarri hazi da, eta Talant Dujshebaev, entrenatzailearen esperientziarekin batera, Champions League-eko Final Four-era iritsi ziren 2015ean, eta aurtengoan marka haratago eramanaz, final handirako txartela ere eskuratu zuten, Veszprém talde indartsuaren aurka. Lehia izugarri parekatuan, Aginagalderen taldeak sekulako esfortzua gauzatu zuen 29na berdindu ahal izateko. Eta denbora era hontan agortu zen heinean, txanpona airean zen. Penaltyak. Aginagaldek sekula irabazi ez zuen titulua aurpegia irtenez gero, gurutzea errautsaren balioa duen zilarrezko domina mingotsa. Kontua dramatikoagoa bilakatzeko, azken penaltya jaurtitzeko ardura, Aginagalde berarena. Faktore gehiegi tarteko zorte hutsa soilik dela adierazteko.
Baloia indarrez sartu zen sareetara, eta Aginagalde partidako heroia izan zen, azken jaurtitzaileak jasotzen duen ohorearen tradizioari jarraiki. Jaurtiketa sartu bezain laster, saretik baloia harrapatu nahi izan zuen irundarrak, eta hauxe izan zen partidako irudi nabarmenena, zerura altxatzen den baloi garailearena. Lirika berezia duen irudia, muturreraino esanguratsua. Garaikurretan baino, garaipenaren esentzia baloian bertan gordeta balego bezala.