D-cent proiektua
Demokrazia parte hartzaileaz, asko hitz egin izan da, baina gauzatzetik urrun gaude oraindik. Gehiago ere esan liteke, badira urte batzuk gutxiago entzuten dela aldarri hau. Badirudi sistemak erabakien errepresentazioan bakarrik oinarritu nahi duela. Jendartea, teknologiaren laguntzaz askotan antolatzeko, eztabaidatzeko eta erabaki kolektiboak hartzeko teknologiak gero eta ohikoagoak bihurtu ditu. Gutxi badira ere, badira erakunde eta herritarren arteko saiakera interesgarriak, horietako bat D-cent proiektua.
D-cent proiektuak, software libreko hainbat tresnez baliatuz, herritarrek erabakietan, politiketan, eztabaidetan... parte hartzeko aukera gehiago izan dezaten bilatu nahi du. Bakoitzak, ondoren beren beharretara egokitzeko aukera izango duen tresnez osatutako aplikazio ekosistema oso bat sortzen ari dira horretarako.
Zergatik
Tresna horien kontrolean eta izaeran eragina duten beste arrazoi batzuk ere kontutan hartzen dituzte proiektuko tresnetan:
-
Kautotze irekia eta identitate kudeaketa banatua: software libreko herritarren parte hartzea sustatzeko ekosistema hori errazago hedatzeko.
-
Datuen jabe izan: behaketen kontra, herritarrei bere datuen kontrola eta jabetza emanez.
-
Software librea eta estandar irekiak: denon eskura egongo den ezagutzaren ondare komuna eraikitzen jarraitzeko.
-
Blockchain bidezko kontrola: Prozesuen gardentasuna eta ikuskatzea ziurtatzeko aukera ematen duten teknologiak baliatuz.
Tresnak
Tresna zehatzak jada martxan daude, batzuk martxan eta beste batzuk proba egoeran, hemen horietako batzuk:
-
Politikak kolektiboki erabakitzeko baliabideak.
-
Erabakiak lehenesteko eta aurrekontuak banatzeko tresnak.
-
Moneta eta sari kudeaketarako blockchain eskemak.
-
Notifikazio segururako sistemak.
-
Kautotze ireki bateraturako tresnak.
-
Herritarrekiko abisuak pasatzeko tresnak.
Hauek eta beste batzuk tools.dcentproject.eu webgunean topatuko dituzue eta horiekin batera hauen demoak edo martxan dauden atariak ikusteko aukera ere.
Gertu
Espainiako Estatuko hiri handiek proiektu honen barneko parte hartze eta gardentasun tresnak jarri dituzte martxan. Madrid Decide (https://decide.madrid.es) eta Bartzelonak ere (https://decidim.barcelona) .
Consul, D-cent barneko softwarea erabiltzen dute, softwarearekin aldiz, ez dago dena konponduta; horrela balitz, aspaldi konponduta genuke parte hartzearen gaia. Madril eta Bartzelonaren bideak oso ezberdinak dira kasu honetan. Madrilek tresnan bozka kopuru minimo bat lortzen duten ekimenak hartzen ditu kontuan. Bartzelonak, aldiz, prozesu parte hartzaile bat jarri nahi du martxan, fisikoa eta digitala aldi berean, ondoren hortik ateratakoekin aurrera eraman daitezkeen ekimenak bideratzeko.
Gurean
D-cent proiektuari atxikita ez, baina bide horretatik sortu dira Sharetu.eus eta Ask-e Euskal Herrian. Parte hartzera bideratutako tresna hauek, erakundeek egin behar dituzten ekimenak jarraitu edo herritarrek beraiek egin ditzaketen proposamenak jasotzeko balio dute. Erakundeek egiten dituzten ekimenei buruzko iritziak aurretik jasotzeko edo ondoren egiten direnei buruzko kexak eta proposamenak biltzeko helburua dute biek.
Sharetu (http://sharetu.eus) herrietako gaiei buruz mintzatu ahal izateko sare soziala eta herritarren partaidetza sustatzera bideraturiko tresna da. Herritarren eta udalen arteko zubi bat, denon eskura, webgune publiko batean edozeinek erabiltzeko moduan. Alegian jada martxan dago adibidez.
Ask-e (http://aske.eus), aldiz, udalek berezko udal webgunean edo azpiegituran txertatu ahal duten tresna librea da, herritarren partaidetza sustatzeko. Herritarren ekarpenak jasotzea, bideratzea eta erantzutea ahalbidetzen duen IKT tresna propioa behar dutenentzat da. Sharetu atariak eskaintzen dituen aukerez gain, barne kudeaketan laguntza eta azpiegitura propioetan ezar daitekeen sistema oso bat da, alegia.
Bultzada handia beharko dute martxan jartzeko, bultzada politikoa bai, baina baita jendartearen parte-hartze kultura aldaketa sakon bat ere. Hau hasiera besterik ez da.