Erresuma zuriko marra urdina
Zapore garratzaren ondorengo eztia. Jatetxean menu kaxkar baten ondoren postre eta kafe onak uzten duten sentsazio zoragarria. Erori ondorengo mina bat batean ezabatzen duen aurrera urrats tinkoa. Bi emaitza kontrajarriren arteko kontrasteak barrenean uzten duen ondorioa ez da inolaz ere erraza neurtzen. Hori bai, ongi bukatzea ongi hastea baino hobea dela argi dago.
Txuri Urdin Izotz Hockey taldeak denborada zoragarria gauzatu du aurtengoan. 2000. urtean liga eta kopa irabazi zituenetik estatuko titulurik altxatu gabe zeraman talde gipuzkoarrak, eta garai batean klub garailearen itzal historikoa geroz eta ahulagoa zen. Berez kirol mediatikoegia ez den alorrean (izotz hockey-ak euskal testuinguruan kutsu estatubatuarra dauka oraindik ere, eta bere elastiko handikoteek adiera arrotza daukate, zenbaitetan horrenbeste aldiz ikusiriko izotz gaineko borroka eta kolpeekin erlazionaturikoak), arrakasta gabezia honek bere oihartzun apala itzaltzea zekarren. Bada, aurtengoan esperantzak suspertu egin dira. Tito Marcelino entrenatzailearen gidaritza onarekin, denboradaren azken txanpara aukerarik galdu gabe heldu ziren donostiarrak. Jaca talde aragoiar boteretsuarekin batera, play off-etako finalera sailkatu ziren euskaldunak, eta Majadahonda mendean hartu ondoren, Kopa finala ere erdietsi zuten, berriro ere Huescaco taldearen aurka. Denborada erabat borobila ahalbidetuko lukeen ametsetako dobletea bi urratsetara, bi finaletara, zegoen.
Jokatu beharreko lehena, garrantzitsuena, ligako lehia gorena. Denborada momentu onean bukatu dute bi taldeek, eta donostiarrak liga erregularrean gailendu ondoren, faborito etiketa zeramaten bizkar gainean. 5 partidatara jokatu beharreko norgehiagoka, muturreraino lehiatua. Lehen lau partidetatik hiru luzapenean ebatzi ziren, eta taldeek birritan kendu zioten kantxa faktorea elkarri. Hala, bosgarren partida definitiboan dena airean zegoen. Zartada gogorra izan zen donostiarrentzat 2 eta 6ko porrota eta ligak nola alde egiten zuen behatzea.
Oraindik ere Kopa geratzen zen, halere. Titulu txikixeagoa, aurretiko liga garaikur hipotetikoa osatuko zuena. Play off-ean erori ondoren Kopa maldan gora planteatzen zen bapatean. Halere txuriurdinen jarrera oso bestelakoa izan zen. Galdu ondorengo amorrua jarrera grinatsu bilakatu zuten Jacaren aurka, eta hastapenetik erakutsiriko kemen eta indarrak garaipen argia eman zioten, 4 eta 1eko emaitzarekin. Hala, izotz gaineko XXI. mendeko lehen titulua lortu dute donostiarrek. Ez du, halere, garaipen honek ligako arantza ateratzen. Hori, aurpegi irrifartsua tarteko, hurrengo urterako xedea dela diote Txuri Urdineko hockeylariek.