Izozturiko infernuan lekuko
Inor egon ez den tokian izateak badu bere xarma. Planeta urrun batetara iristen den astronauta bezala, beste inork zapaldu ez duen lurra oinen azpian izateak balioa, baina nork aurki dezake sekula beste norbaitek zapaldu ez duen tokirik? Bada, Alex Txikon lemoarra ez da beste inor egon ez den tokira iritsi, Nanga Parbat Himalayako mendiko gailurra hainbat mendizalek zapaldu baitute, baina urteko garairik bortitzenean tontor hortan izatea beste inork erdietsi ez duen balentria da.
Alex Txikonek azken neguetan mendizaletasunaren bilakaera gogorrena praktikatzea erabaki du. Elurrak eta izotzak dena estaltzen duten momentuan maldan gora joatearen jarrera kritikatu izan zaio noizbait, erokeria gauzaezina bailitzan.2011an Gasherbrum I-eko gailurrera saiakera egin zuenetik, urtero negu espedizioak antolatu ditu bizkaitarrak, alpinismoaren azken muga zeharkatu nahiean. Orain arte mendizaletasuna eta negua bizkarrez egon diren bi kontzeptu izan dira. Bidaiak ahalik eta baldintza onenetan prestatzen ziren, berez zaila den (munduko mendirik garaienak, neguan zein udan, aukeratuen eskura baino ez daude) erronkak arrakastarako aukera ahalik eta zabalenak izan ditzan. Zergatik xedeari zailtasunak ezarri? Bada, helburu muturrekoa betetzearen erronka abenturaren funtsa dela uste du Txikonek. Bidean aurkitu du oinazerik Lemoakoak. Norberaren gorputzean pairatutako zauri eta kalteak zenbaezinak izan dira, eta batez ere, 2012an Gansherbrum Iera eginiko saiakeran 3 lagun galdu zituen elur artean. Menditik burumakur jaitsi den bakoitzean halere, Txikonek bere buruari garaipen bat zor ziola fede handiagoz sinistu du. Iaz Nanga Parbat-en gailurra zapaltzetik oso gertu geratu ondoren, aurtengoan horrenbeste urteetan barnean geraturiko arantza kentzea lortu du.
Behin Euskal Herrian, Txikonek igoeraren kontaera gauzatu du, azken kanpamendu basetik tontorrera heldu bitarteko egunak eta saiakerak. Mendizalearen hitzek amesgaizto surrealista eta gordinaren zaporea dute, berez gizakiak sarrera debekatua duen tokian lekuko izan denaren kontakizuna. Baina aldi berean abentura huts eta garbiaren arrastoa ere bada Txikon nekatu eta oraindik ere mindutakoaren begietan. Urteetan zehar bilatu den erronkaren lorpena, Moby Dick baletzarraren harrapatzea, ezinezko zirudien horren konkista.
Halere, Txikonek lorpen honekin bere xedeak itxi dituela uste duenak ez du inolaz ere ezagutzen. Lorturikoa gozatu behar dela adierazteaz batera, hurrengo gailurrak ere aipatzen ditu lemoarrak. Eta Nanga Parbat bezalaxe, K2 mendia ere ez du inork zapaldu negu garaian. Momentuz posible ez dela aitortzen du Txikonek… baina hurrengo negua iritsi bitartean hainbat hilabete geratzen dira oraindik ere!