Uxue Alberdi - Idazlea
"Sortzea da betetzen nauena"
- Elgoibar, 1984.
- Kazetaritza ikasten dabil Euskal Herriko Unibertsitatean.
- Bertsolaritza gustuko du, eta zenbait bertso paper lehiaketa irabazi ditu.
- Igartza literatur beka jaso du Aulki bat elurretan izeneko egitasmoa garatzeko.
Erasmus bekari esker, Suedian igaro zuen Uxue Alberdik aurreko ikasturtea. Han bizitakoaren harira, zenbait ipuin idazteari ekin zion. Asmo handirik gabe Igartza bekara aurkeztea pentsatu zuen, baita irabazle suertatu ere.
Bekara aurkeztu duzun egitasmoa ipuin bilduma bat da, baina ipuin solteek badute elkarrekiko lotura, ezta?
Bai, ipuinek hainbat eratako loturak dituzte beren artean. Dena den, nire asmoa ez da izan ipuinak, pertsonaiak edo lekuak korapilatzea. Istorio guztiak negu berberaren azpian eta elur beraren gainean gertatzen direla adierazteko modu bat dira loturak. Lotura gehienak detaile txikiak baino ez dira, agian oharkabean pasako direnak, baina idazterako orduan niretzat asko esan nahi dute. Asko gustatzen zait detaileei kasu egitea, dibertitu egiten nau gauza txikiak letren artean ezkutatzeak eta, egia esan, askotan idazten dut detailerik txikienetik abiatuta. Gauza handiak kontatzea askoz gehiago ostatzen zait. Baina, bestalde, badira ipuin batzuk liburu osoan jarraipen bat izango dutenak, eta horiek bai, horiek lotura narratibo bat izango dute.
Suedia eta suediarrak erakutsi nahi bat nabari da. Hain berezia egin zaizu herri hori?
Beste guztiak bezala, pentsatzen dut. Baina besteak ondo ezagutzeko denborarik ez dut izan. Gainera, herrialde eskandinaviarrek badute zerbait berezia: klimak asko baldintzatzen du haien izaera, eta paisaiak ikusgarriak dira. 20 orduko gauak bizi izan ditugu neguan, eta 20 orduko egunak udan. Bakarrik eta isilik ere ez dut sekula horrenbeste denbora pasa, etxetik urrun ere ez, inor ukitu gabe ere ez… Sekulako esperientzia izan da, eta pentsatzeko denbora asko eduki dut. Dena den, Suedia eta suediarrak ere zeharo stereotipatuta dauzkagu, eta estereotipo horiek apurtzen ere saiatu beharra dago.
Neurri batean, mendebaldeko gaur egungo gizartearen isla ere jaso duzu, ezta?
Bai, Suediak badu halako nahasketa arraro bat. Alde batetik, amerikanizazio nabarmen bat igartzen da hirietan, hezkuntza isteman, muturrera eramandako indibidualismoan… Baina, bestetik, oraindik oso barneratua du ongizate sistemaren ideia, sexuen arteko erdintasunari izugarrizko garrantzia ematen diote… Immigrazioa ere Euskal Herrian baino askoz nabarmenagoa da eta oso interesgarria da Suediako kurduen, palestinarren, bosniarren, indiarren eta hainbat eta hainbat herrialdetako jendearen bizitzak gertutik ikustea. Mendebaldeko herrialde aberatsetako gaitzak eta gaixotasunak ere inoiz baino gertuagotik ezagutu ditugu: insomnioa, depresioak, antsietate arazoak, kontsumismoa, itxurari ematen zaion muturreko garrantzia… Hala ere, gai hauek guztiak nahiko era poetikoan eta umorez kontatzen ahalegindu naiz.
Zure Erasmus urtea emankorra izan dela ematen du; beste inon eman bazenu, zer uste duzu izango zela desberdina?
Desberdina, dena. Segur aski Suedian bezain emankorra izango zen munduko beste edozein txokotan ere; urtebete etxetik kanpo ikasten ematea, askatasun osoarekin, lagun, paisaia, hizkuntza, usain eta kultura desberdinekin… Hori beti da pasada bat. Baina Suediak bere usain eta kolore propioak ditu, eta esperientzia hori nirekin batera bizi izan duen jendeak ere bai, eta horrek egin du berezia nire esperientzia.
Bertsoa, gutunak, ipuinak, kazetaritza... Zeure arloa aukeratu nahian ari zara, ala denean segitzeko asmoz zabiltza?
Aukeratu nahian ez, gozatzen ari naiz! Bertsoa eta literatura nire pasiorik handienak dira, ezingo nituzke inoiz albora laga. Kazetaritza gustuko dudan jarduera bat da, kuriositate handiko pertsona naiz eta kazetaritzak istorioak, historiak, pertsonak, lekuak eta abar ezagutzeko aukera ematen du. Dena den, ez dut nire burua ikusten erredakzio batean zortzi orduz lanean; denbora luzean ez, behintzat. Sortzea da betetzen nauena, zentzua ematen dio bizitzen dudanari.