Neguko Bertso Barnetegia

Bilbo, busturialdea, arratia, durangaldea, ezkerraldea, hego uribe, Ipar Uribe Uribe Kosta, Zornotza eta enkarterrko gazteak batu dira Gorozikan. Danera, 50 lagun asteburu euritsuan. Pozik ibili dira ekintza eta jolasen artean. Bertsotan hobetu eta aspaldiko lagunak ikusteko aukera ezin hobea eskaintzen du neguko bertso barnetegiak.

Barikuan, elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten frontoian. Hasierako ekintzak egin ondoren, afaltzera joan ziren gazteak. Ondoren, taldeka banatu eta antzerki txiki bat egin zuten, mozorroak eta bat-batekotasuna lagun.

Larunbata ere euritsu hasi zen. Gosariaren ondoren, bi taldetan banatu ziren. Goiko gelan barnetegiko bizipenen inguruko bertsoak bideoz grabatu zituzten. Behean bertso bingoa antolatu zuten. Kartoiak eta fitxak lagun, errimak esan ahala gazteek bertso bihurtu zituzten.

Bazkalostean bertso eskola antolatu zen. Begiraleak zazpi taldetan banatu zituzten gaztetxoak eta nagusienek bat-batean jardun zuten eta hasi berriek idatziz. Bigarren partean, gaueko bertso afaria prestatu zuten. Etxahun Lekue eta Jone Uria izan ziren gonbidatuak. Bakoitzari doinu ezagun batez egin zioten ongi etorria gazteek eta beste talde batek gaiak ipini zituen gauean.

Igande goizean gurasoak etorri ziren eta elkarri agur esan ondoren, ekaineko barnetegia noiz etorri zai geratu dira.

 

Iñaki Iturriotz

2016, Martxoa 11
Arloa: Bertsoleku