Mikel Uraken

Folk doinuak maite dituen Bilbotar musikaria da Mikel Uraken. Aurretik, Loan bezalako rock gogorreko musika taldeetan ibilitakoa, eta orain, bakarkako bidean, bestelako erritmoetan. Bidean hiru disko grabatu ditu, azkena, "Neguaren Ostean" izeneko biniloa, euskara hutsean abesturiko lehen lana.

Sorpresa berezia izan da euskal kantagintzarako Mikel Uraken bilbotarraren “Neguaren ostean” lan berria. Folk doinuak dira nagusi bere musikan baina folk estiloaren ertzak ikutzen dituelarik, gertuago da Bill Callahan edo Slint moduko taldeen erreferentzietatik Bob Dylanenatik baino. Hala nola Mikel Laboaren imaginarioa ere nabari da bere sormenean edota Swans moduko taldeen ñabarduren zalea ere bada.

2013an “Folk songs for tormented souls” plazaratu zuen, gero 2014ean “Omenaldi Xumeak” lana etorri zen eta orain “Neguaren ostean”. Hasiera batean ingelesez konposatzen zuen eta orain dela pare bat urte euskeraz abesten hasi zen. Kaki Arkarazorekin grabatu du diskoa Garate estudioan. Oiho kantagintzatik urrunduta beste pausu bat ematen du, haratago doa. Bere erreferentzia hardcore eta metal mundutik etorri arren Mikelek badu abestiak haratago eramateko gaitasuna.

 

Gotzon Uribe

2016, Martxoa 01