Zein atetatik sartu erabakitzearen garrantzia
Hiru ate gorrik testuinguratu dute aurtengo Bertso Eguna. Bertsolariak saio batera joateko abisua jasotzen duenetik bertso saioa bukatu arte hartu behar izaten dituen erabakien haritik gidatu du Aitziber Garmendia aktoreak arratsaldeko ekitaldia.
Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Etxahun Lekue izan ziren arratsaldeko lehen atalean. Saio baten antolatzailearen deia entzun zen, eta galdetu zien zer sentitzen duten halako dei baten ostean Egaña eta Iguarani.
Unai Iturriagak telefono dei bat jaso zuen txosnetan egin beharreko bertso saio batera joateko gonbitarekin baina txosnetan, fundamentu handirik gabeko antolatzaile bat agertu zitzaion.
Bigarren partean, Julio Soto, Agin Laburu, Jon Maia, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xavier Terreros aritu ziren kantuan. Aulkian esertzeko garaian dituzten lehentasunez galdetu zitzaien, ipuin bat osatzerakoan bide bat ala bestea aukeratzeko eman zitzaien bertsolariei. Zuzeneko musikak ere izan zuen lekurik Kursaalean. 2zio taldea, Odei Barroso bertsolariaren eskutik aritu zen hip hop doinuetan.
Egun guztiko festa
Eguerdiko 12:00 etan saio musikatua izan zen. Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza aritu ziren kantuan bat-batean. Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskaini zituzten.
Gauean 21:00etan hasi zen afaria eta hainbat bertsolari izan ziren kantuan: Amets Arzallus, Unai Mendizabal, Xabi Igoa, Onintza Enbeita, Alaia Martin, Eli Pagola, eta Unai Agirre. Bat-bateko bertsoak eta bertso musikatuak izan ziren.