Belako
Mungiako Belako taldeak bere bigarren diskoa plazaratu du egunotan. “Hamen” deitzen da laukotearen lan berria eta zer esan handia ematen ari da. Estreineko lanarekin sona handia lortu zuen ingelesa eta euskera nahasten dituen taldeak. Lore baxuan, Cristina teklatu eta abeslari moduan, Josu kitarra eta abesten eta Lander baterijotzaileak energiaz beteriko taldea osatzen dute.
80. hamarkadan Ingalaterran egiten zen pop musika dute oinarri beraien abestiak, 90. hamarkadako kitarra doinu sendoekin bat eginez eta dantzarako erritmo ilunak ere gustokoak dituzte. Talde gaztea da eta estatuko jaialdirik garrantzitsuenetan aritu izan dira. Aurten beraien urtea izango dela dirudi, arrakasta masibo baten atarian estatuan zehar bira luzea daukate lotuta eta udako jaialdirik garrantzitsuenetan ere arituko dira.
Artistentzat beldur eta kezkaz betetetako erronka bada bigarren diskoa kaleratzea, Belako taldeak energia eta kalitate nahikoa du erronka hori behar bezala gainditzeko. Bigarren disko honetan hamabi abesti aurkezten dizkigu taldeak, borobilak, indartsuak. Noise, post punk eta elektronika, pop arrastoa duten melodiekin eta Seattle usaina duten gitarrekin nahasten dira. Abesti zuzenak dira, baxu indartsu eta eleganteekin jantziak, taldearen ibilbidea eta zuzenekoak goraipatzeko errepikatzen diren hitzekin eraikiak.
Taldeak 2012an egin zuen bere lehenengo agerpena eta segidan Radio 3 eta “Gaztea”ko lehiaketak irabazi zituen. 2013an “Eurie” kaleratu zuen eta bere ibilbideari hasiera eman zion, 2014an indartu zena bi EP-ren kaleratzearekin batera, azken hauek Belako Rekords zigiluaren argitaratuak. “AAA!!!!” (2014ko ekaina) Belakoren aurpegi gordin eta latzenaren adierazpena izan zen, eta “Bele Beltzak Baino Ez” (2014ko ekaina) soinu eta bide berrien bilaketa proposatzen zuen.