Denborapasa soila?
90. hamarkadan hazi ginen egungo helduok bizitako esperientzia ugari bideojokoekin erlazionaturik daude. Garai hartan hasi zen printzipioz jolas aterto haietako makinatzarren kolore eta distira etxeetako egongeletara igarotzen, eta bideojoakoaren kontsolak ume eta gazteen jostailu gogokoen bilakatu ziren. Zenbat nerabek entzun ote zuten (genuen) bere gurasoengandik joko haiek arima urratzen zutela, ez zirela batere gomendagarriak, eta denbora galtzeko baino balio ez zutela.
Eta puntu hontara iritsita irakurleakgaldetuko du: ez al da hau kirolen txokoa? Zer da bideojokoen inguruko kontu hau? Bada, fenomeno berrietara egokituta, bideojokoetako jokalariak kirolari direlaren auzia mahaigainera genezake.
Lehenik eta behin, bideojokoak denborapasa hutsa zirela leporatzen ziguten hitz haiek zuzenak ez zirela argi dezagun. Ez erabat gutxienik. Nork esan behar zigun eskuekin gure 'ni' birtual hori mugiaraztea praktika profesionala izan zitekeenik. Baina hala da, XXI. mendeak ekarri digun fenomenoetako bat da hauxe, hasiera batetan Hego Korean hasitakoa eta gutxinaka gutxinaka (edo ziztu bizian, urte batzuk baino ez direla kontutan hartuta) mundo guztira zabaldu dena. Bideojoko ugaritako lehiaketak geroz eta nabarmenagoak dira, eta bertan mugitzen den diru kopurua handitzen ari da egunetik egunera (zertzeladatxo bat soilik bideojoakoaren industriak duen indarraren inguruan: joko batek bere plazaratze asteburuan Hollywood-eko punta puntako filme baten munduko errekaudazio osoa gaindi dezake), eta urtetik urtera gehiago dira botoiak zapalduaz ogibidea eraikitzen dutenak. ProGamer denominazioz ezagutzen ditugu, eSport disziplinan profesional bilakatzen diren horiek.
Horren adibide duela asteak egin zen Euskal Encounter-a dugu. Barakaldoko BEC aretoan prestaturiko ekimen erraldoia, oraindik ere ez da mundu mailako lehiaketa masiboenen adibide, baina jokolarien profesionalizazio mailaren urratsak eman dira (hamarnaka txapelketa beste hainbat jokoren baitan, bakoitzak sari mamitsua bere baitan duela). Topaketa teknologiko honen inguruan sortu da EUS eSports erakundea, eta euskal jokalari gehiago susta daitezen ari da lanean. Euskal kirolari elektronikoak anizteko hain zuzen ere.
80. hamarkadako denborapasa kirol bilakatu duen gizartean bizi gara. Zein eztabaida sakona susta dezakeen gamer hauek 'benetako' kirolari diren edo ez ebaztea. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.