Patxi Iturregi - Idazlea
"Zenbaitetan pentsatzen dut idazlea baino areago medium bat naizela"
- Laudio, 1952
- Haize kontra ipuin bildumarekin eman zen ezagutzera.
- Ordutik hona beste bi ipuin liburu kaleratu ditu.
- Euskara klaseak ematen ditu Laudioko euskaltegian.
Patxi Iturregi bere hirugarren ipuin-liburuarekin datorkigu: Dioramak, 66 istorio laburrez osaturiko bilduma, gai, ahots eta gertalekuen aniztasun harrigarria erakusten diguna. Egilea pozik dago emaitzarekin.
Dioramak: izen bitxi samarra izenburu baterako.
Begira, nola-halako definizio bat emango dizut. Eszena erreal bat irudikatzen duen hiru dimentsioko eraikuntza eskalakoa da diorama. Esaterako, modelogintzan hain erabiliak diren erretxinazko modelo horiek, edo natur zientzietako museoetan ikusten ditugun horietakoak, gizaki primitiboen eguneroko bizimodua irudikatuz edo hegazti migratzaileen habitat zingiratsua erakutsiz. Gabonetako “jaiotzak” ere dioramak dira eta baita umeei urtebetetze egunean oparitzen zaizkien playmobileko kit ezagun horiek ere: “erreskate taldea”, “polizia patruila” eta abar. Edonola ere, ez da maketa kontzeptuarekin nahastu behar, noski. Diorama zerbait bizia da, funtsean eszena bat irudikatzen baitu. Maketa soila, ordea, zerbait biluzia eta hila da. Behin definizioaren kontua argituta, azal dezadan zergatik jarri diodan izen hori liburuari. Izena, azken batean, irakurleari egindako keinu bat da, esanez bezala, hor irakurtzen ari zaren eszena txiki horrek errealitatearen itxura izan dezake, baina kontuz, ez zaitez nahastu, ez da errealitatea, nik asmatutako artifizioa baizik. Bere funtzioa, nolabait, amandre ipuinetako formulena da. “Behin batean...”, “munduan askok bezala...” edo antzekoak entzun orduko, entzuleok badakigu kontalari iaioaren eskutik fikzioaren munduan sartuko garela. Ba, horixe duzu ideia, izen berezi hori jartzeko arrazoietako bat behintzat, fikzio mundu horretan barneratuko garela jakinaraztea.
Zure hirugarren liburua da hau, Haize kontra eta Behi eroak-en atzetik. Denak ere ipuin-liburuak, baina joera sumatzen zaizu gero eta ipuin laburragoak egiteko...
Hori egia da. Horrelakoxea izan da orain arteko nire bilakaera. Ia neurri berekoak izanda -180 orri ingurukoak-, Haize kontra liburuak bederatzi ipuin izan zituen, Behi eroak-ek hamabi bat eta oraingo Dioramak, aldiz, hirurogeita sei. Azken honetan ipuin laburrak eta hiperlaburrak dira nagusi. Egia esan, labur kontatu behar hori joera orokorra da, bai ipuingintzan bai literaturan bai gaur egungo arte langintza askotan ere. Gero eta unitate txikiagoak erabiltzen dira esparru guztietan. Horrek abantaila garbiak ditu. Adibidez, ipuinen kasuan, errazago topatuko duzu non argitaratu laburrak baldin badira, irratian, aldizkariren batean, egunkarian, telebistan... Luzeak badira, berriz, liburuaren aukera baino ez duzu. Oro har, tamaina luzea oso zurruna suertatzen baita. Bestalde, esan behar dut gustura nabilela formato txikian; izan ere, esperimentatzeko eta bide berriak jorratzeko parada ezin hobea eskaintzen dizu. Azkenean, eskema moduko bat eratzen duzu buruan, horrelako istorio laburrak harrapatzeko sare bat edo, eta berehala ikusten duzu zeure burua ehiztari gisa, eguneroko gertaera arrunten artean hurrengo kontagaia izan daitekeena atzeman nahian. Gainera, nolabaiteko hiltzaile sena garatzen duzu, istorioak jaio berritan “akabatzeko” antze berezia.
Zein dira Iturregiren iturri nagusiak, literatura kontuetan?
Nik, idazle guztiek bezala, hiru inspirazio-iturri nagusi ditut literatura kontuetan. Munduko errealitatea, barneko esperientzia afektiboa eta urteetan zehar irakurritako liburuek utzitako oroitzapen hondar hori, nolabait esateko. Idazleen arteko aldea, iturri hauek zein neurritan erabiltzen dituzten izaten da. Ni (aitortzea beste erremediorik ez dut), miope samarra naizenez, ez naiz errealitatearekin ondo konpontzen, eta aukeran nahiago dut barne esperientziaren eta literaturaren esparrutik jasotako elementuekin aritu. Gauzak erabat alda litezke liburu batetik bestera ordea. Ez dago jakiterik…
Zaleen artean esan daiteke prestigiozko idazlea zarela; hala ere, ez zara komunikabideetan askorik agertzen. Zeuk hautatu duzu bakartze hori? Lagungarria gertatzen da sorkuntzarako?
Zer esango dizut ba? Ni ez naiz idazle profesionala, beste lanbide batetik ateratzen dut bizimodua. Irakasle nabil euskaltegi batean. Bestetik aita familiakoa naiz. Hortaz, demagun nire denboraren heren batean edo idazle naizela. Egunero lerro batzuk zirriborratzen saiatzen naiz, baina ez dut beti nire helburua lortzen. Gainera, nahiko mantso idazten dut. Hiruzpalau urteren buruan liburu bat osatzen dut. Orduan etortzen zait komunikabideen aurrean agertu beharra, lana promozionatuko bada. Eta horrek egonezina sortzen dit, nire ohiko paperetik kanpo jartzen nauelako. Nik maiteago dut literaturaren beste aldea, aurpegi tradizionala, eguneroko irakurketak, presarik gabeko lana, bizitzaren gaineko hausnarketa lasaia... Horrek ematen dit benetan bizipoza. Ez naiz idazle “mediatiko” horietakoa, eta ez dut aldatzeko gogorik, ez nau komunikabideen distirak batere erakartzen.
Hurrengo proiekturik bai?
Bai, baina erabat definitu gabea oraindik. Etorkizunean beste ipuin liburu bat ikusten dut -ez dut generoa bertan behera uzteko asmorik-, baina ez dakit zer nolako tankera izango duen. Niri, orain arte bezala, gauza berri bat egitea gustatuko litzaidake, aurretik egindakoen erabat desberdina. Ez dakit, ordea, posible izango dudan beste jauzi bat egitea. Egitasmo bakoitzak erronka berri bat dakar berekin. Nik, behintzat, horrela hartzen dut literatura, desafio bezala.