“Zure Aurrekari penalak” Anariren berria
6 urte igaro behar izan dira “Zebra” diskoa plazaratu zenetik Azkoitiko kantariaren disko berria entzuteko. Euskal musikak eman duen kantaririk berezkoena dugu Anari eta bere lan berria abesti sorta ederrez osaturik dator.
Zaletuak denbora luzez itxaron behar izan du lan berria. “Zure aurrekari penalak” diskoak aurreko “Zebra” lanaren mailari eusten dio eta Anariren kantagintza haratago eramateko gai diren kantuak aurkitzen ditugu. Letra landuak, esanguratsuak, ironiaz beteak askotan eta sarkorrak bestetan.
Hainbat urtetan berarekin aritutako musikariak izan ditu alboan disko grabatzeko eta Bidehuts zigiluarekin plazaratu du lan berria. Borja Iglesias (gitarra), Drake (baxua), Mariano Hurtado (pianoa eta teklatuak) eta Mikel Txopeitia (bateria) izan dira diskoa egituratu duten musikariak eta baita zuzeneko aurkezpenetan ere arituko direnak.
Diskoaren grabazio sesioak Tolosako Bonbererea etxeko estudioan hasi ziren eta Andoiango Garaten burutu dira. Bertan Lisabö taldeko kidea den Karlos Osinaga eta Martxel Arkarazo aritu dira teknikari lanetan.
Kolaboratzaile ezberdinak izan ditu diskoan, hala nola, Mercromina Albaceteko taldeko kidea den Joaquin Pascual, Napoka Iriako Ander Mujika, Lisaböko Javi Manterota, Gernikako Audience taldeko Ager Isunza eta Eneko –Mobydick- Burzako.
Ohikoa duen estiloan sakontzen du Anarik. Rock gordina bezain epela, abesti sendoak eta esanguratsuak. Berezkoa duen kantagintza sortu duen musikaria.