Izarra jaio da
Norberaren posibilitateengan erabateko konfidantza izatea ezinbesteko elementua da goi mailako kirolariarentzat. Talentu eta lana premiazko badira ere, fedeak ematen duen plusa ezin du beste ezerk ordezkatu. Halere, autokofidantzaren balorea bere neurrian aplikatu beharra dago. Umiltasuna mantendu dezake bere burua urruti iristeko aukerekin somatzen duen pertsonak? Norberak dituen aukeretan sinistea eta harropuzkeria nola banatu?
Jon Rahm golflari bizkaitarrak oso txikitatik sinistu izan du bere aukeretan munduko elitean aritzeari begira. Estatuko txapelketa kadeteak beraganatu zituenetik disziplinan aditu direnek berebiziko magia hori bazeukala adierazten zuten, eta Rahm gazteak, Barrikako herri bizkaitarraren semeak, inolako konplexu gabe hartu zuen ardura hori bizkarren gainean. Bere etorkizunagatik galdetzen ziotenean, 5 urtetan major handiengatik borrokan egon nahiko lukeela erantzuten zuen, hortarako lan gogorra egiteko bere prestutasuna azaltzeaz bat.
Bada, denbora igaro da, eta gutxinaka golflari proiektu hura errotu egin da. Estatu Batuetako unibertsitateen beka egitarauan txertatu da Rahm, eta hala, Arizonako unibertsitatean bere ikasketak gauzatzeaz bat, lehen mailako golf trebakuntza jasotzen du. Golfa bezalako kiroletan unibertsitatea da esistitzen den harrobirik handiena, eta hala, biderik eraginkorrena da mundu mailako zirkuito hortara iristeko. Are gehiago, 20 urte eskasekin, PGA Tour hortan hainbat inkurtsio arrakastatsu burutu ditu euskal gazteak, noizbait letra larriz idatziriko sorpresa haragitzeko zorian egoteraino: bostgarren postuan bukatu zuen Phoenix-eko irekian, oraindik profesionala ez den golflari dela kontutan hartuta zerrendaz kanpoko marka. Estatu Batuetako prentsak, horrelako goitizenak asmatzen oso zale denak, Rahmbo bataiatu zuen biharamunean.
Eta momentuko sentsazioa denaren baieztapena ez zaio berdegunean iritsi, gala batetan baizik. Estatu Batuetako jokalari unibertsitario onenaren garaikurra jaso du, Ben Hogan sari mitikoa, bere aurretik historian egon diren golflari handienek jaso dutena. Bizkaitarraren proiekzioa beraz zalantza guztietatik haratago dago. Major handiengatik borrokan ikusiko dugun edo ez auskalo, baina momentuz bide zuzena daramala argi uzten ari da. Izarra jaio da.