Titulotxoa

Titulua. Kirolaren gailurra, edozein talde edo bakarlarirentzat xede gorena. Bakar batzuen eskura baino ez dagoena, hori da bere grazia nabarmenena. Kirolak zenbat eta ordezkari gehiago izan, orduan eta konplikatuagoa bilakatzen da horrelako baten eskuratzea, eta oro har, kirolarien artean ehuneko oso murritz batek bukatuko du bere ibilbidea urrezko domina horietako batekin, momentu konkretu batetan onena izan zela ziurtatzen duen garaikurrarekin.

Futbolera begiratuko bagenu, esaterako, urruti dira euskal ordezkariek lorturiko tituluak. Bilboko Athetic-ek eta Real Sociedad-ek iragan mendeko 80. hamarkadan ligak eta kopak irabazi zituzten. Egungo euskal herritar askok ez dute euskal titulurik ezagutu, alegia. Badira, halere, liga eta errege kopetatik urruti ezartzen diren tituluak, era berean ofizialak, eta beste balore batzuk sustatzen dituztenak.

Aurtengo denboradan Irungo Real Union historia egitear dago. Federazio Kopako finalera sailkatu da, eta joaneko partidan Castellonen 0 eta 1 gailendu zen bertako taldearen aurka. Gauzak horrela, Gal stadiumean itzuliko partidan gauzek buelta eman ezean, bere lehen titulua beregana dezakete gipuzkoarrek.

Txapelketa bitxia da Federazio Kopa. Bigarren B eta hirugarren mailako taldeak elkarren artean neurtzen dira, joan itzuliko kanporaketa sistemarekin. Lehenik eta behin erkidego berdineko taldeen aurka, ondoren estatu osoko klubak gurutza daitezke. Profesionalismoaren mugan bizi den futbol horrentzat pizgarri handia izan da betidanik eskura egon daitekeen titulua planteatzea. Historian atzera begiratuta, euskal irabazle bat bada, Alaves, nahiz eta denboran urruti geratzen den, 1946 urtean hain zuzen ere. Ordutik, euskal garaikurrik ez da, nahiz eta Lemoa erreskadan bi urtez finalera iritsi zen 2011 eta 2012an.

Kontuak kontu, historiarekin zita dauka Real Unionek, eta dena aldeko dago Aitor Zulaikak zuzentzen dituen gizonentzat. Castellonen Jorge Galanek lorturiko golak urrea balio dezake, akaso irundarren lehen gailurra izan daiteke. Tontor apala, agian egunkarietako azalean agertuko ez dena. Baina umilenen artean indartsuena izateari balio kentzea ez litzateke inolaz ere bidezko.

Iker Zabala

2015, Apirila 15
Arloa: Kirolak