Munduaren beste puntara
Mundu globalizatuan bizi garenaren zalantza gutxi dago. Egun Tokion gertatzen ari den zerbaiten berri izan genezake han bertan bageunde bezala, eta gerta daiteke gure inguruan bizi den norbaitek (edo gu geuk!) bere lanpostua galtzea norbaitek Chicagon, duela bost minutu eskas, egunkaria irakurtzen zuen bitartean eta erabateko arinkeriaz harturiko erabaki baten ondorioz. Tokatu zaigun mundua da, eta onerako edo txarrerako (hemen bakoitzak bere juzkua egin dezala), bizi garen errealitate hortan gure tokia non dagoen ebaztea da hartu beharreko erabakia.
Erik Urzelai gazte urretxuarrarentzat futbola pasio izan da azken urteetan. Erromoko eta Algortako San Nicolas ikastolako kategoria txikietan eginiko lanak perfil zorrotzeko entrenatzaile gaztea azalerazi du, Marcelo Bielsaren eraginaz maitemindurik bere estiloa jorratu zuena. Hori bai, 27 urterekin, futbola ogibide izatetik urruti zen Urzelairentzat, bere magisteritza ikasketen alorra zen zentzu hontan bere bide profesionala.
Baina gauzak momentu batean alda daitezke, mundu azkar eta geldiezinaren araua ere bada hau. Egun batetan, norbaitek eginiko gomendio azkar baten ondorioz proposamena jaso zuen email bitartez. Arsenal talde britainiarrarena zen, eta bere futbol eskoletako baten umeekin entrenatzaile jardutea proposatzen zioten. Eta lanpostua ez zen London inguruetan... Indian baizik! Egun futbol talde boteretsuenek Asiako edo Amerikako herrialdeetan eskolak jorratzen dituzte, bertan azal daitezkeen harri bitxiak inork baino lehen bereganatu ahal izateko. Arsenal Soccer School bezala ezagutzen direnak Erresuma Batuan hasi ziren, 1985ean, eta azken urteetan munduan barrena hedatu dira. Talde 'gunner'ak adierazten duenaren arabera, gizarte proiektuak jartzen dira martxan futbol eskolekin batera.
Kontuak kontu, Erik Urzelaik bizitza irauli ziezaiokeen erabakia hartu behar zuen. Bertan zeukan bizimodua baztertu eta Dalhausiera, India eta Pakistanen arteko mugatik gertu dagoen herrixkara, joateko proposamena. Arsenalek adierazten zion baita ere, zirt edo zart egin behar zuela, pentsatzeko denborarik ez baitzen. Maletak hartu eta asteak daramatza 8.000 biztanle ere ez dituen herrian. Goizean futbol eskolak ematen ditu eta arratsaldez gazteen formakuntza akademia antolatzeko ardura dauka. Esperientzia zirraragarria izango denaren zalantzarik ez du Urzelaik.
Euskaldun batek Ingalaterrako talde baten proposamena jaso zuen Indian bere ametsetako lanpostua aurkitzeko. Nire amona zenak mundua zeharo zoratu dela esango luke ezbairik gabe!