32 kilometro eta 80 urte
Kirola momentua baino ez da. Atzo eginikoa gaur gauden tokira ekarri gaituen bidea da soilik, eta gaur lortzen dugunak errautsaren balioa izango du biharko eguna iristen denean. Estatistika hutsa. Kirolaren lege gordin hauxe da, hain zuzen ere, jardunean aritzen denaren grina eta kemena uneoro esigituko duena.
Badira, eta zorionez esango dugu, iragana eta kirola uztartzen dituzten ekimenak. Eta Larrabetzuko herritarrak dira horren zeinurik argienak, izan ere, denboran oso urruti ezartzen diren gertaerak izan dituzte erdigune Karraderan izeneko lasterketan. Duela 80 inguruko gertaerak hain zuzen ere.
Guda zibilak Euskal Herriko hainbat herritan berebiziko inpaktua izan zuela sobera jakina da. 1936 eta 1939 bitarteko urteetan isuritako odol eta malkoak ez ditugu kirol idatzi baten erdigune bilakatuko, baina kontuak kontu, garai haietan bizitakoen aztarna ugari geratzen da euskal mendi askotan. Larrabetzu inguruetan, esaterako, bunker eta trintxerak oso ugariak dira, burdinezko gerrikoaren eszenatokietako bat baitzen, Txorierri inguruan Francoren tropen aurka Bilboren defentsa gauzatu nahian eraikitakoa. Baina iragan gordin horren aztarnak ikusgai edukitzea ez da inolaz ere erraza, izan ere, mendian barrena mantentze lanak oso konplexuak dira. Horregatik, Larrabetzuko herritarrek erabakia hartu zuten euskal nortasunaren zeinu direnak mantentzeko asmoz: mendi lasterketaren antolakuntza, hala ingurua garbitu eta atontzeko aitzakia izateko, eta historiako pasarte haien omenaldi eta begirune gisa, Burdinezko harresian Karraderan mendi lasterketa deituko zitzaion.
Lehenik eta behin txapelketa ezin lehiakorragoa da Karraderan. 32 kilometroko zirkuito malkartsua, ia 1700 metroko desnibela daukana, eta igo beharreko tontorren artean Bizkargi mendia hartzen duena. Eta hortaz gainera, probaren egunean bertan garai zahar haien omenezko ekimenak ere jarri ziren abian herri bizkaitarrean, tartean gudariz mozorrotutako aktoreak ibilbidean zehar, edo Gernikako Astra lantegiko sirena ozenaren erabilera probari hasiera emateko. Kirola eta historia eskutik emanda oraina eta iragana uztartzeko.
Lehen ere esan dugu lehiaketa zaila zela partehartzaile guztientzat ibilbidearen esigentzia mailari behatuta. Bada, kontua are gehiago zaildu zen, igande hartan sekulako eurijasa egon baitzen eta lokatzak dena astunago bilakatu baitzuen. Elementu desatsegina korrikalarientzat, ikuskizunaren biderkatzea ibilbide inguruko jarraitzaileentzat. Azkenik, 3 ordu inguruko markarekin, David Garcia gizonetan eta Nerea Amilibia gailendu ziren Larrabetzuko herriko helmugan.
Etorkizuna beste ezer buruan ez dugun garaiotan, nork esan behar zigun, hain zuzen ere iraganak lurperatutako gauzen berreskuratzeak aire freskoa bezain gustagarria den berritzea ekarri behar zigula. Karraderan hasi baino ez den arren, 80 urte inguruko bidea egin du jadanik.