Kanpotik datoztenekin jolasean

Agurtzane Hormatza

Aspaldian gogotsu ibili izan naiz gaiari bueltatxo bat emateko eta oraingoan tarte txiki bat eskainiko diot. Gero eta gehiago aurkitzen ditut gure ikasgeletan jatorri desberdinetako ikasleak. Batzuk hemen jaiotakoak eta baita euren gurasoak, besteak eurak eta gurasoak kanpoan jaiotakoak eta badaude gurasoak hemengoak eta seme-alabak kanpoan jaiotakoak edota alderantziz, gurasoak kanpotarrak eta seme-alabak bertakoak.

Jatorri oso desberdinak eta ikasleen artean sarri arrotzak sentitzen dira.Bakoitzak istorio bat du. Kultura, arraza eta erlijio desberdinak denak batuta ikasgela berean. Denak aurreiritziz josita, ezjakintasunean ezarritako ereduetan murgilduta, jakin-minak barnea jaten, begirada ezkutuetan bestearen begirada topatu nahian, jolasteko jarrerarekin...

Etorkinak gure herrikideak, ikaskideak, lankideak direnetik modu anitzetan komunikatu behar dugu gure harremanetan sakontzeko eta hobeto elkar ezagutzeko. Ikastoletan ere hainbat hizkuntza erabili behar izan ditugu gure bizikidetza gozoagoa izan dadin. Arlo horretan sarritan geratu dira agerian gure gabeziak eta denon aurreiritziak ere. Hainbat kultura daudenez, sexualitateari dagozkion ohiturak, jarrerak eta abar oso desberdinak dira... Sexualitatearen inguruko bizipenen aniztasuna nabarmena da. Dena den, adin berdina duzuenez jakin nahi duzuena antzekoa izaten da.

Adibidez nerabezaroan mutilen eta nesken multzoak oso desberdinduta egoten zarete kultura desberdinekoak izan arren. Denek topatzen duzue leku bat zuon burua kokatzeko, tribuan lekua izateko. Leku hori ez dago kulturaren edota kolorearen arabera, sexuaren arabera baizik. Momentu ederra leku eroso bat izateko eta baita ere berdintasunetan sakontzeko. Baina baita ere mahai gainean jartzeko kultura eta familia bakoitzak dakartzaten iritziaz berba egiteko eta aurreiritziak lantzeko.

Bikoteak osatzeko moduak, ligatzeko erak, desioak gauzatzeko jokabideak, beldurrakbideratzeko trebeziak ... pertsonak beste daude. Baina kulturak sarri kanpoko erak desberdintzen ditu eta gure artean sarriegietan talka sortzen ditu. Baina ez da zorigaizto bat, ulertezin hori aprobetxa dezakegu gure arteko desberdintasunak ulertzeko eta harremana bera aberasteko.

Denon berdintasunean oinarrituz, denon desberdintasun aberasgarri !

Gozatu ezagutza horrekin

Besarkada handi bana

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2015, Urtarrila 07
Arloa: Jo ta jo