Bizkaiko txapeldun berria Fredi Paia
Bertsoaldi bikainak josi zituen Algortarrak. Buruz burukoan nagusitu zen eta berak irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari finala. Bigarren Arkaitz Estiballes sailkatu zen. Amaierako agur hunkigarria abestu zuen Fredi Paiak.
Txapeldunaren agurra:
Barkatu Txato, Ardatz ta Arkaitz
heriotzaren krudela;
barkatu, Manex, Orkatz, Lexuri
gaur ondo irten zait kartzela;
barkatu, ama, Xabier ta Itsaso
ta nire lagun tropela.
Kanposantuan zin egin nuen
aitarentzat da txapela
berarengandik asko ikasi
ta jarraitzen dut horrela
hiru urte joan zinela
ta hala ere hemen zaudela
eta euskeraz eskeintzen dizut
gure artean ez bezela
itsasgizonen zeruan ziur
ikasiko zenuela.
Orain arteko finalik jendetsuena izan da aurtengoa. Antolatzaileen arabera, 4.350 lagun batu zire Bilbao Arenan. Zortzikoteak bere behar puntuagarria amaitu ostean, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia pasatu ziren buruz-burukora.
Arratsalde polita eta beroa izan zen. Umorea nagusitu zen eta jendeak ere horrela erantzun zuen. Fredi Paia Ruizek 901 puntu lortu zituen; Arkaitz Estiballes Ormaetxeak, 874.5. Hirugarren Etxahun Lekue Etxebarria, 512 punturekin: Ondoren lau bertsolari sailkatu ziren lau puntuen barruan. Oihana Bartra Arenas, 482.5; Jone Uria Albizuri, 482; Onintza Enbeita Maguregi, 479 eta Iratxe Ibarra Foruria 478.5; Xabat Galletebeitia Abaroa 452 lortu zituen bere lehenbiziko finalean.
Fredik lan dotorea osatu zuen kartzelako lanean. Eskua eman diozu gaiaren inguruan egin zituen hiru bertsoak daude hemen. Betelanean egindako ahalegina eta azken ideia gordetzearen indarra erakusten dute.
Poteoan edan baitut
atlantiko ozeanoa
urdindu da zirrotiko
nire gibel tiranoa
gibel berri behar dut
organo gazte sanoa
pertsona lasai batena
kirolari abstemioa
belarjale yogalari
mistiko monogamoa
beti entzuten duena
musika gregorianoa
beldur bat badut nirekin
eta azaltzera noa:
lehenago heldu leikela
elizako organoa.
Norbait behar dut, tik-tak
erlojuen sarkasmoa
itxaron zerrenda ikusi
ta Arkaitzen espasmoa
geroa bezain urruti
daukate kirofanoa
ta apurka itzaliz doa
nire gibel dinamoa
jada alokatu behar dut
hileta poligonoa
harrizko mausoleo ta
denetzako solomoa.
emailerik ez badator
ta ordaindu barik banoa
nire patez pagaizue
hilkutxako ebanoa.
Ta hiltzen ari naiz ari
hau denboraren morrontza
lehen auto istripuak ziren
alkohola eta izotza
orain oso gutxi daude
azpimarratzeak lotsa
txikia da emaileen
ta organo libreen poltsa
baten bat atetik dator
bere sega bere hortza
garezur bat du buruan
eta hizketan ostotsa
aupa Heriotz zelan zabilz
hau nire logela motsa
aurkari ona izan zara
eman eskua Heriotza.