“Mendizaletasuna mundua ezagutzeko aitzakia bezala ulertzen dut”
-
Juanjo San Sebastian (Bilbo, 1955), euskal mendizaletasunaren ahots esanguratsuenetarikoa da.
-
Oso gazterik hasi zen espedizio luzeetan parte hartzen. Andeetara joan zen lehendabizi, eta 1981an Himalayara joan zen estreinekoz.
-
Ehundaka abentura bizi ondoren, oraindik ere mendietan gora jarraitzen du.
Zein da mendiarekin oroitzen duzun lehen kontaktua?
Lehen lehenak gurasoekin emandako urratsak dira, ez dut zehazki oroitzen noiz. Aitak zioen Pagasarri mendia igo nuela, inongo laguntzarik gabe 3 urte nituela. Bai oroitzen dut, bein gurasoekin joateari utzi nionean, lagunekin joaten nintzela mendira. Eta hasi nintzen, baita ere, parrokiako jendearekin joaten, hasieran Bizkaiko mendietara, gero urrutiagokoetara. Askotan diot ni gaur egun ateoa naizela, baina garaia hartan bide hartatik ikasi nituela gauzarik onenak.
Eta noiz izan zinen konsziente mendirekiko erlazioa zaletasuna baino gehiago zela?
Konsziente...ez naiz sekula ezertaz izan... (barreak). Baina bai egia da txokolatea izugarri gustatzen zitzaidala, eta nire haurtzaroan tabletekin kromoak zetozen, hain zuzen ere Andeetako mendietara espainiarrek eginiko espedizioen ingurukoak. Kromo liburu hark eragindako eraginak bihurtu ninduen, nolabait, alpinista.
Lehen espedizioa Perura burutu zenuen (1979an Andeetako Alpamayora, Mendikate zurian). Hura izan zen akaso haustura zuretzako?
Bai, inflexio puntua izan zen. Espedizio hark aldatu zidan erabat ikuspuntua eta mendia egiteko era hautatu nuen, goitik behera eraldatu ninduen. Piztu zidan espedizio gehiagotan egoteko gogoa, eta mundua ezagutzeko grina. Gaur egun mendizaletasuna mundua ezagutzeko aitzakia bat bezala ulertzen dut.
Zein eratako alpinista zara? Zerk egin zaitu desberdin?
Ni ez naiz desberdina...ni eskola zaharreko produktu bat naiz. Nere aurreko mendizaleak frantsesen ereduan oinarritu ziren. Garai hartan, 50eko hamarkadan hona ailegatzen zen gauza interesgarriena Frantziako influentzia zen. Kontutan har dezagun lehen zortzimilakoen espedizioen garaiak direla, eta orduan hartu zuten, esaterako, Herzog eta Lachenalek Annapurnaren gailurra. Sekulako influentzia izan zuen gure garaiko alpinistengan. Nire garaian, halere, britainarrek influentzia nabarmenagoa izan zuten. Nick Estcourt, Bonington, Dougal Haston... horrelako jendea izan zen ardatza niretzat.
Espedizio guztien artean, 1994ko hura egin da zoritxarrez ezagun... (K2tik jaisten ari zirela, elur jausi bat gertatu zen, eta Atxo Apellaniz laguna atzean geratu zen. Juanjo, beste espedizio kideekin batera, laguntzen saiatu zen, eta behatzak izoztu egin zitzaizkion bere bila joateko ekimen hortan, nahiz eta azkenik ez zuten Atxoren bizitza salbatzea lortu)
Bai, hura izan da mendian izan dudan esperientziarik gogorrena. Baina baita ere bere puntu onak izan zituen. Espedizio hartako kide guztien artetik portaera ereduagarria baino ezin daiteke nabarmendu. Eta nolabait, hura gertatu zen gu denok aspaldiko lagunak ginelako. Gure artean sekulako maitasuna sortu zelako.
Kanpotik beti nabarmentzen da mendiaren edertasuna... mendiak bere baitan daukan natura basatiaren aspektua ahaztu egiten da?
- Badaude munduan paraje eta bazter batzuk bere arima badaukatenak. Eta noizbait galdetu izan didate ea K2 gorrotatzen jarraitzen dudan, izan ere K2k oso gaizki tratatu gintuen. Nik uste dut gauza bat dela mendiek arima dutela onartzea, eta beste bat mina egiteko borondatea dutela sinistea. Eta behin urteak igaro direla, ez diot inolako gorrotorik K2ri. Baina toki basatia da, eta bizitza bertan zaila da, eta hiltzeko aukerak esistitzen dira. Horrenbeste disfrutatzeko aukera ematen duen parajeak bere kontrako salneurria ere badauka.
Euskal Herria mendizaleen eremuan oso lurralde oparoa izan da. Badago komuneko punturik euskal mendizaleen artean?
Nik uste 70 hamarkada arte espedizio guztiek oinarri nazionala zeukatela, baina ordutik osagai nazionalak desagertu egin dira, eta alpinistak indibidualagoak gara. Nik mendian ez dut sentitzen herri baten ordezkari naizenik. Joan izan naiz Madrileko jendearekin, Italiakoarekin, Australiakoekin... eta gero eta normalagoa da jatorri anitzeko taldeak eratzea. Hau 80ko hamarkadan dagoeneko normala zen.
Asko aldatu dira gauzak mendizaletasunaren eremuan zu hasi zinenetik gaur egungo garaietararte?
Nik esango nuke garai hartan gure alpinismoak deskubrimenduarekin zeukala zerikusia. Guk egindako ibilbideak eginak zeuden lehenagotik akaso, baina guretzako, hemen zegoen mailarako, egiten genuenak balore handia zeukan, ez baitzegoen informazio gehiegi jasotzeko modurik, mendi bat aukeratzea kontu zaila zen. Horri esker, guk egiten genuen bidea natural eta luzea zen. Formazioa jasotzeak informazioa lortzeak bezainbeste kostatzen zuen. Gaur egun informazioa oso erraz jasotzen da, eta formazioa, aldiz, ez da horren ondo trasmititu. Horren eskutik, ukaezina da praktika askoz teknikoagoa bilakatu dela. Gaur egun, ni ezingo nintzateke konparatu Alberto Iñurrategi bezalako mendizalearekin. Gehiago dakite, informazioa eskura baitago, eta entrenamendu espezifikoaren arloan zentratu ahal izan dira.
Berriro ere atzera begira dezagun. Zein da ikusi duzun estanpa gogokoena?
- Bi leku esango nizkizuke. Lehendabizi, Mont Blanc eskalatu genuen lehen aldia, oso bide luze eta zaila egin genuen. Harrapatu genuen ekaitz baten ondorioz egun asko igaro genituen, sei inguru. Bi azkenetan ekaitza etengabekoa izan zen. Justu tontorrera iristean ekaitza gainditu genuen, gaueko 23:20 zirela gogoratzen dut. Bakarrik geunden, eta gure inguruan, baina ez gure gainean, sekulako trumoiak zeuden, gu harrapatzeko gai ez zirenak. Benetan ikusteko moduko espektakuloa zen.
Eta bestalde, eskalatu nuen lehen bidea El Capitan, Yosemiteko parkean. Bost egun eman genituen erronka hartan, eta tontorrera ailegatzea opari bat izan zen, jaso dudan ederrenetarikoa. Oso geldo mugitzen ginen eskaladan, eta bat batean toki erabat horizontal batetara ailegatu ginen, korrika egiteko moduko harrira. Kontraste hori bizi izan nuen hegan egiteko gai banintz bezala.
Zerk hauspotu zaitu gehiago mendizaletasunean, tontorrak edo bideak?
- Eskalatzeko konpromezua hartzen nuen unean tontorrak zirela uste nuen. Baina denborarekin ohartzen zara bidea dela garrantzizkoena. Gero eskalatu izan dut Mont Blanc, esaterako, beste bide batetik, eta ez zuen zer ikusirik izan aurretiaz kontatutakoarekin. Bidaia bakoitzak garrantzia du, beti bertan gertatzen direnen arabera. Batzutan pena ematen dizu tontorrera goizegi heltzeak, beste batzuetan, ordea, sekulako sentipena bizitzen duzu gorenera iristean.
Beti ematen du kirolari baten prozesu naturala noizbait erretiroa hartzea dela. Mendizaleak ere erretiroa hartzen ote du, edo mendizale izango da beti?
Nik uste beti hala izango dela. Eta urteek fakultateak kentzen dizkizute, baina aldi berean gaztaroko grina borrokalaria ere ezabatzen dute, eta orduan dena armonia gehiagorekin doa. Beti onena izatearen borondatea dago gaztetan. Ondoren ohartuko gara onena izateko aukerarik ez dagoela, eta benetan garantzia hartzen duena onena izan beharrean, egunero hobea izatearen erronka da. Zuk zure mugak jartzea beharrezkoa da. Mugak alda daitezke akaso, zure gaitasunak aldatzen diren heinean, baina hobetzen zaituena zure muga horiekiko ahalik eta gertuen ezartzea da. Eta nik ez dut inolako penarik egun nire mugak beherago egonagatik.