Gorka Urbizu - Musikaria
Inor gure kantu batekin hunkitzea handia da
- Lekunberriko gaztea, musikaria
- Gor disketxean lanean aritu zen arren, orain musikari emana dago
- Euskal Filologiako ikasle ere bada Gasteizen
- Euskal Herriko musika munduratzen ari da
Berritxarrak.net taldearen ahotsa da. Kantatu egiten du, eta kitarra jo. Eta animatu. Eta hitz egin behar bada, beti berbetan hasteko prest. Musikari iaioa da, musikari jaio zela ematen du. Jaio.Musika.Hil diskoa
Eskenatoki gainean zaudetela, ohiko kontzertu batean.... zer da ikusten duzuena?
Momentu jakin batzuetan publikoaren aurpegiak bilatzen dituzu, entzulearekin konexio berebiziko hori, baina bestela barrura begirako momentuak dira gehienbat, musika jotzen gozatzekoak.
Handiak eta txikiak, hemengoak eta kanpokoak. Ibilbide oparoa zuena taula gainean ezta
Denek ere badute bere xarma, horixe du onetik rock talde batean aritzeak: jo aurretik inork ez daki zer sentsazio biziko ditugun, nola aterako den... kitzikatuta atera ohi gara taulagainera. Halere, aukeran nahiago toki itxiak, aretoak eta.
Euskal Herria txiki geratu, ala kanpora gehiago joateko gogoa?
Kontua ez da EH txiki geratu den, guri erronkak gustatzen zaizkigu eta talde moduan haztea ezinbestekoa zaigu ilusioa berritu eta publiko berri batengana hurbiltzeko. Kanpoan egiten ari garen bidea eta gure betiko entzuleak zaintzearen arteko oreka da bilatzen duguna.
Zerk ematen dizue poza?
Inor gure kantu batekin hunkitzea da gauzarik handienetakoa.
Zer topatu behar duzue, Taiwanen edo Japonen?
Auskalo, aretoek behintzat itxura ona daukate eta Japoniako publikoa oso abegikorra dela diote.
Alemanian eta Irlandan? (Ez oso aspaldi han egon zinetela)
Alemaniara goazen laugarren aldia-edo da, pixkanaka geure bidea jorratzen ari gara. Batez ere Rise Against-ekin egindako birak ikusmina sortu zuen eta ordutik email dezente jaso ditugu bertatik. Irlandan euskaldun piloa dabil eta herrimina arinduko diegu lipar batez...
Jaio.Musika.Hil. Eta gero?
Zeresan handia eman du disko honek eta ate asko ireki digu, gure 5. diskoa da baina ez dira gutxi disko honekin ezagutu gaituztenak. Horrek animoa ematen digu konposatzen hasteko, baina momentuz badugu nahikoa lan 2 hilabeteko gira luze honetan pentsatzearekin. Epeka lan egin ohi dugu beti, eta pentsatzekoa da hurrengo urratsa konposatzen hastea izan daitekeela.
Patxi Gaztelumendi