Gerriko estua
Beste garai batetako usadioa ematen du, baina badira kirolak oraindik ere txapeldunari egiten zaizkion desafio bitartez bideratzen direnak. Alegia, disziplina bakoitzeko gailurrean irabazle bakarra dago, eta tontor hori konkistatu nahi duenak, beregana atejoka joatea besterik ez dauka eta bera baino hobeto lehiatzen dela frogatu, horrela bere tokia hartu ahal izateko. Funtzionatzeko era kuriosoa, txapeldunari begirune nabarmenez eraikia, ez baitauka berriro ere bide guztia egin beharrik aurretiaz irabazi duen txapela berea dela bermatzeko. Eskupilotan esaterako, 1995an kendu zen aurreko txapeldunak zuzenean finalean itxaron behar izatearen araua. Partida bat irabaztearekin txapela berriro ere bururatzen zuen, baina aldi berean irabazle izatearen ardura eta pisua ere ezartzen zitzaion.
Bada, boxeoan, txapelketa formato estandarretatik bizi diren heinean, txapeldunarekiko funtzionamendua bideratu izan da betidanik. Egun, Andoni Gago boxealari bilbotarraren azpian ezartzen dira hautagai guztiak, bera baita Espainiako txapelduna luma pisuari dagokionean. Ez da jarleku erosoa, halere, izan ere, boxealari ugari daude Gagoren gerrikoa begiz jota badutenak Benalmadenan Antonio Rodriguez 'Chiky' madrildarrari bere koroa kendu zionetik. Borroka luzea izan zen hura, Gagoren neurrira eginikoa, izan ere, fisikoa izugarri lantzen duen kirolaria da Otxarkoaga auzokoa. Horrela, puntuka irabazi zuen 29 urteko bilbotarrak gorenerako sarbidea.
Eta behin Espainiako txapeldunaren gerrikoaren jabe dela, lehen desafioa heldu zaio. Erronka zaila, sekula borrokarik galdu gabe heltzen zen Marc Vidal bartzelonar gaztea. Gago baino dexente altuagoa da kataluniarra (1'65 metro eskas neurtzen du euskaldunak, hortik datorkio 'El Machito' ezizena), eta txapelduna izatearen presioa bizkar gainean eramateko prest zegoen frogatu behar zuen bizkaitarrak.
Gorputzez gogor egoteaz gainera, burua hotz eta sendo mantentzen badakiela erakutsi du Gagok, eta hala, round bakoitzean konkista txikiak burutu ondoren, epaileek puntuetan irabazle ezarri dute aho batez, eta hala, gerrikoa ez zen Euskal Herritik atera, La Casillako pabilioian batu ziren 2000 boxeozale ingururen pozerako.
Txapeldunaren biharamuna ez da akaso kanpotik eman dezakeena, izan ere, ez du bere urrezko gerrikoak bere biltegi langilearen funtzioa albo batera uzten. Baina euskal boxeoaren panorama, tradizionalki nahiko antzua, biziberritu du, eta etorkizunean Europa eta Mexiko begiz jota ditu. Beti ere bere garaikurra desiratzen duten eta inguruan darabilzkion boxealariak ahaztu gabe.