Iluntasunaren babesa
Gauak ez omen du balio kirola egiteko. Arriskua iradokitzen du ume garenean, dibertsioaren gotorleku bilakatzen da gaztaroan, eta beti ere barnean ditugun energiak berresteko aukera bezala ulertzen dugu gure bizitzaren fase orotan. Kirola, ordea, ez da bateragarri iluntasunarekin, gure inguruan gertatzen dena ikustea premiazkoa baita edozein jardueretarako, eta gauaren erabilera nahiko mugatua da ariketa fisikoaren jarduerarako (esaterako, bero asko egiten duen lurraldeetan partidak jokatu ahal izateko gauez bajatzen diren gradu horiek baliatuta).
Baina XXI. mendean denetarako tokia dagoela ematen du. Bilbok duela sei urte mundua harritu zuen hiria zeharkatuko zuen gau maratoia planteatuz. Planetan barrena hainbat lasterketa badira, neurri desberdinetakoak, baina izarren magalpean definizioz aurkeztu direnak oso gutxi. Hiri bizkaitarrak nortasun aldarri bezala adierazten zuen bereizgarria. Halere, xelebrekeria hutsean geratzen zen, edo benetan edukia bazuen apustua zen denborak baino ezingo zuen berretsi, jendearen (era anitzenean ulertuta: kirolarien eta ikusleen; bilbotarren eta kanpotarren) erantzunak.
Bada, 6 urte pasa dira eta balantzea dexente positiboa dela esan beharra dago. Kale kirolak protagonismoa hartu du beste behin, larunbat gauean eta milaka korrikalarik hirigune bizkaitarreko zonalde eraberritua ziztu bizian zeharkatu dute, Guggenheim museoa, (onerako edo txarrerako) hiriaren ikono bilakatu dena etengabe itzulbiratuz. Urtetik urterako partaidetza handituz joan da, eta orotara, lasterketak planteatzen zituen hiru distantziak kontutan hartuta, 10.000 lasterlari inguru izan dira. 29 herrialdeetatik etorritakoak, nahiz eta gehientsuenak Euskal Herritarrak izan.
Goi mailako kirolari behatuta, ez dira inolaz ere puntako markak lortu, nahiz eta hortarako korrikalariak egon. Logikoa izan daiteke, gauez korrika egitea ez baita munduko markak lortzeko moduko planteamendua, eta horregatik, gizonezkoetako irabazleak, Pharis Kimani keniatarrak lorturiko 2 ordu eta 17 minutu pasatxoko denbora urria izan daiteke. Halere, Bilbao Night Marathon-en (oharra: izenak ofizialki jartzeko ez da zertan ingelesa erabili, nahiz eta oso 'cool' izan... euskaraz jartzea gehiegitxo eskatzea ote?) lorpenik handiena erdietsi duen gizarte babesa da. Kirolari beste molde batzuk aurkitu zaizkion edo ez parte hartu zuen kirolari bakoitzak ebatzi dezala, baina dena asmatuta dagoela dirudien garaiotan formula berriak bilatzeak merezi du bere errekonozimendua.