Atzera tiraka aurrera jarraitzeko
Oinak lurrean eta gorputza ia etzanda. Baina ez erabat etzanda. Burua tente, eta esfortzu muturrekoaren zeinua aurpegian. Tentsioa gihar puztuetako zain bakoitzean, izerdia bekoki gorritutik jaisten, eta atzera egiten den zentimetro bakoitzak urrezko aurrera urrats ondorioztatzen du. Oinetakoak irmoki lurrera iltzatuak; eta soka ukabilean, ihes egitear dagoen arima balitz bezala, gorde beharreko altxorrik prezituena bailitzan. Eta elastiko berdea soinean.
Wisconsinen, Amerikako Estatu Batuetan izan da sokatirako munduko txapelketa eta estreinekoz Euskal Herriak selekzio gisa lehiatzeko aukera izan du. Eta lehen partaidetza honen balantzea oso ona izan da kirol mailan, euskaldunek, Basque Country jartzen zuen kamiseta jantzirik, bi domina irabazi baitzituzten, biak brontzezkoak. Lehena, txapelketa hasi bezain laster gauzatu zen, 580 kilo baino gutxiagoko gizonezkoen kategoria hortan, eta bigarrena, esanguratsua halaber kirolean ez baita horren ohikoa, gizon eta emakumeek era bateratuan jokatzen duten mailan. Bi domina hauei Laukiz eta Gaztedi taldeek (bina lortu zituzten) erdietsitakoak gehitu behar zaizkie. Orotara 6.
Ironia puntu bat badu ofizialtasunaren aldarri hontan, horren urruti gauzatu bada ere, euskal sustraiaren nortasuna era agerian azaltzea. Izan ere, sokatira herri kirol federazioko jarduera entzutetsuenetarikoa da, eta euskal kulturan barneratuta dago (Euskal Herrian sortu zela esatea gehiegitxo izan daiteke akaso, munduan barrena toki askotan egiten baita soka batetan oinarritutako indar eta erresistentzia aktibitate hauxe). Nazioarteko (inoiz baino literalago ulertuta kasu hontan) txapelketan sokatiran lehiatzeak balio sinboliko eztabaidaezina dauka.
Sokatirak bere baitan duen xarma liruragarria bere xalotasuna da. Teknikoki estrategia mamitsuak gara badaitezke ere, atzera iristen denak irabazi egiten du. Eta aurkaria baino gehiago edo gutxiago izan ondoren, soka latz eta mukerra barrenarekin eskuaren bitartez estutu ostean, esku berdin horrekin arerioari bostekoa ematen zaio. Zein ederrra litzatekeen bizitza dena sokatira bezain soila balitz.