Katea eta uztaia

Aurtengo Tourra desberdina izan da euskal zalegoarentzat. Urtetik urtera bezala, asfaltoaren gladiadoreak hortxe dabiltza, erlojuari eta gainontzeko aurkariei segunduak urratu nahiean, aldapa gora igotzen den metro bakoitzak helmugatik gertuago ezartzen dituen ziurtasun liluragarri horrekin, besoak zerura begira irabaziko duen heroiaren zirrarak inguruko zaleak hedatzen dituela. Halere, dena desberdina da. Euskaltel Euskadiren urte laranjek beste garai bati eman diote paso, eta bigarren patrozinatzaile horren faltan, puntako txirrindularitzan ez da ordezkaririk izan, urte hontan estreinekoz, gutxienik maila instituzionalean.

 

Patuak nahi izan du Frantziako Tourrarekin batera, eliteko euskal kirolak beste danbateko bat jaso izana. Bilbao Basketek ez du ACB ligan bere izendatzea gauzatu, auzi hontan ere gabezia ekonomiko nabarmenak direla medio, eta ondorioz 2000. urtean jaiotako proiektu hura, Bizkaiko saskibaloiaren erreferente bilakatu zena eta tituluetatik oso gertu egotea lortu zuena, desagertu egingo da. Iazko denborada bukaeran hainbat zeinu behatu ziren, tartean jokalarien greba bere soldata jaso ez izanagatik, baina halere, harritzekoa da albistea gutxien espero zen momentuan gauzatu izana: egoera bideratzeko zuzendaritza batzordea eratu berri, denborada prestatzearen ilusioz beteriko etapa hastear dela, entrenatzaile berria, Sito Alonso, sinatu eta gutxira, eta zalego bilbotarra iazko amesgaiztoa ahazteko zorian dagoela. Dirua tarteko dagoenean argudio antzua da, esaterako, Bilbao Arenan (taldearentzat eraiki berri den hortan hain juxtu) asteburuetan 10.000 pertsona inguru biltzea saskibaloiaren ikuskizunaz gozatzeko.

 

Garaien urritasunak, egunkaria irekitzea baino ez dago, jende ugari uzten du bide bazterrean, eta kirolaren eremu hau ere ez da inolaz ere salbuespen. Bi proiektu handi dira bai Euskaltel Euskadi eta baita Bilbao Basket ere, baina haietaz lehenaldian hitz egiten ohitu beharko gara. Horren premiazkoak diren xoxak tarteko ez daudenean, katea bizikletatik ateratzen da etengabe, eta uztaia zeharkatu ondoren azken orduko saskiratze behar zuena kanpora ateratzen da partidaren bukaera hosak jotzeaz bat.

 

Iker Zabala

2014, Uztaila 23
Arloa: Kirolak